Sagardo festan 11 etxetako edariak eskainiko dituzte, pintxoz eta oilaskoz lagunduta. Cava eta gin-tonik dastaketak, nobedade. Joselu Anaiak taldeak ez du hutsik egingo, disko berria besapean

Alegiako plazan sagardo dastaketa, orain bi urte. Atzean, Joselu Anaien kamioia // Aimar Maiz
Auzo festak egonkortuta, eta arrakasta lortu duten ekitaldiak egitarauan sartuta, bihar eta etzi ospatuko dituzte Madalena festak Alegian. Itsaso, Gabiria eta Ormaitzegi arteko herri-kasko horretan, ohiko giroa, musika eta gozagaiak izango dira.
Garaiari dagokion bezala, sagardo dastaketa gustagarriarekin hasiko dira festak, bihar. Gipuzkoako 11 sagardotegitatik ekarriko dituzte edariak. Horiei laguntzeko pintxoak ere banatuko dituzte. Gauean, sagardo festari jarraipena afariarekin emateko, oilasko erreak salduko dituzte Alegiako frontoian.

Dantzakikoen erakustaldia, iaz.
Joxe Mari Orbegozo dantzariaren Dantzaki eskolakoek ere urteroko bisita egingo dute. Areto dantzen erakustaldian salsa, pasodoble eta tango piezak egingo dituzte.
Lehenengo eguna bukatzeko, Alegian klasiko den musika taldeak alaituko du gaua: Joselu Anaiak talde araiarrak. 32. urtea dute Alegiara etorriko direna —2015ean omenaldia egin zieten—.
Beti eta betiko disko berria maiatzean argitaratu zuten, beren bildumako zortzigarrena. Horko aireak ere joko dituzte.
Madalen eguna larunbatean ospatuko dute. Meza lehenbizi, eta elizan bertan Ezkioko eta Itsasoko Abesbatzaren kontzertu laburra entzungo dute.
Goruntz dantza taldeak urteroko bisita egingo die alegiarrei elizako irteeran, saioarekin. Paella erraldoia egiteari utzi zioten arren —Tomas Maiorak gidatuta, Madalena eguerdiko ekitaldi estimatua izan ohi zen—, hamaiketakoa aterako dute.
Larunbat arratsa, betea
Arratsalde parterako, haurrentzat puzgarriak jarriko dituzte. Aurtengo bi berritasun ere iluntzean eta gauean izango dira, etzi. Itsasoko Ostatuko Manu Hernandezek bi dastaketa gidatuko ditu: cavarena afal aurretik (19:30ean), eta gin-tonikena ondoren. Tartean, herri afaria egingo dute alegiarrek.
Auzoko zaindariaren festa-eguna Guri5 musika taldeak girotuko du, bai iluntzean, bai gaueko parrandan.
EGITARAUA:
Ostirala
· 19:30. Sagardo dastaketa eta pintxoak.
· 21:00. Dantzaki eskolakoen areto dantzen erakustaldia.
· 21:30. Herri afaria, oilasko jana.
· Gauean. Joselu Anaiak taldea.
Larunbata
· 12:00. Meza eta Ezkio eta Itsasoko Abesbatzaren kantaldia.
· 12:30. Goruntz dantza taldea.
· Ondoren. Hamaiketakoa.
· 16:30. Puzgarriak, haurrentzat.
· 19:30. Cava dastaketa.
· 20:00. Guri5 musika taldea.
· 21:00. Herri afaria.
· Gero. Gin-tonik dastaketa.
· Gauean. Guri5 taldea.