Ordiziako 94. Klasika jokatuko dute bihar. Orica eta Movistar taldeko ziklistak dira irabazteko hautagaiak. Hamasei euskal txirrindulari ariko dira, lau bailarakoak
Estatu mailako egun bakarreko txirrindulari probarik beteranoenak, Ordiziako Klasikak, 94. edizioa du aurten. Ziklistek 167,5 kilometroko ibilbidea dute aurretik, eta tartean bost aldiz Abaltzisketa eta azken bi pasaeretan Altzo igo beharko dituzte.
Orica-Scott taldeko Adam Yates –Donostiako Klasika irabazia 2015ean, eta iaz Ordizian garaile izan zen Simonen anaia bikia da– eta Simon Gerrans –hiru itzuli handietan etapa bana irabazia, besteak beste–, Delko Marselleko Angel Madrazo espainiarra –2015ean irabazle, eta 2013an eta 2016an bigarren–, eta etxeko lasterketa hirutan (2010, 2012 eta 2014) irabazia den Gorka Izagirre (Movistar) ormaiztegiarra dira, aurrez, klasika irabazteko hautagaiak.
Izagirre ez ezik, beste hiru goierritar izango dira bihar Ordizian. Euskadi Basque Country-Muriaseko Gari Bravo lazkaotarra eta Pello Olaberria mutiloarra, eta Caja Ruraleko Alex Aranburu ezkiotarra.
«Lasterketa nola doa ikusi beharko da. Orica izango da erreferentzia»
Gorka izagirre (Movistar Team)
Italiako Giroan etapa irabazita, Espainiako Txapelketan parte hartu zuen ekainean ormaiztegiarrak (1987), eta harrezkero «nahiko lasai» ibili da. «Etxe aldetik poliki entrenatu dut, ondo nago». Lasterketa «polit» bat egitea gustatuko litzaioke, eta alde horretatik «gogotsu» dago.
«Lasterketa nola doan ikusi beharko da. Garbi dago Orica izango dela erreferentzia. Gero ea ihesaldian zein sartzen den, eta guretik ere zein sartzen garen. Nik uste azkeneko bi itzuliak, eta batez ere azkenekoa, izango direla erabakigarriak. Txirrindulari asko daude nirea baino izen handiagoarekin».
«Etxeko karrera da, eta gogo handiarekin nago. Aurrean izatea espero dut»
Garikoitz Bravo (Euskadi Basque Country-Murias)
Ordiziako Klasikako txirrindulari beteranoetako bat da Bravo (Lazkao, 1989). Zortzi urte daramatza profesionaletan, eta «bost-seitan» parte hartu du etxeko lasterketan. Iaz 8. sailkatu zen, lehen euskalduna izan zen, eta aurreko edizioetan Tarte Helmugen saria eta Mendikoa irabazia ere bada.
Maiatzean Madrilgo Itzulian izandako eroriko batek bere sasoia baldintzatu du, baina Ordiziara «ondo» iritsiko da. «Madrilgoaren ondoren atseden hartu dut, eta orain gogor entrenatzen aritu naiz, erritmoa hartzen. Etxeko karrera da, eta gogoa handiarekin nago. Azkeneko itzulian aurrean egotea espero dut». Taldeko taldeburua da.
«Ordiziakoa karrera berezia da guretzat. Urduri ere banago»
Alex Aranburu (Caja Rural-Seguros RGA)
Bigarren aldiz parte hartuko du Ordizian –iaz Muriasekin, aurten Caja Ruralekin– Ezkiokoak (1995). Ekain hasieran Herbereetan arituz geroztik ez da lehian aritu, eta «gogoarekin» dagoela dio. «Ordiziako karrera berezia da guretzat. Ez naiz urduri jartzen den horietakoa, baina urduritasun puntu hori badaukat. Etxeko karrera da».
Andorran 22 egun pasa ditu entrenatzen altueran, eta atzo arrabolan egin zuen saiotxo bat. Ordiziakoa bukatuta, arratsaldean Madrilera doa, eta handik Amerikako Estatu Batuetara joateko hegazkina hartuko du. Iaz 24. postuan sailkatu zen, bigarren tropeltxoan iritsita. Sasoi puntu onean dago.
«Eguneko ihesaldian taldeari presentzia ematea izango da nire funtzioa»
Pello Olaberria (Euskadi Basque Country-Murias)
Herenegun itzuli zen Andorratik mutiloarra (1994), baina zalantzati dago gorputzak nola erantzungo dion gaurkoan. «Altueran entrenatzen aritu eta gero, gorputzak baxualdia izaten du, eta astebete behar izaten da buelta emateko».
Lehen aldia du Ordizian, eta «ilusio berezia» egiten dio, hasiera batean ez baitzen izatekoa. «Kadeetan Ordizian irabazi naiz». Mutiloarrak argi du zein den bere zeregina. «Eguneko ihesaldian sartzen saiatuko naiz, taldeari presentzia ematen».