Legazpiko Musika Bandak bere 150. urtemuga ospatzen jarraituko du. Iparraldetik eta Alemaniatik banda bana gonbidatu ditu. Urrian Donostiako Orfeoiarekin joko du
Alemaniako Musikverein Edelweiss banda
Legazpiko Musika Bandaren 150. urteurrenaren ospakizunek ez dute etenik. Uztailean Austriara egin berri duten bidaia mugarria izan da ospakizunetan, baina oraindik legazpiarrei eskaintzeko hainbat ekintza geratzen dira. Irailaren 1ean, hain justu, kontzertu berezia egingo dute. Bi banda gonbidatu dituzte, bata alemaniarra eta bestea lapurtarra.
Alemaniatik Musikverein Edelweiss banda iritsiko da Legazpira eta Donibane Lohitzunetik Euskal Brass Banda izango da bertan. Kontzertua Euskal Herria plazan egingo dute 19:30ean.
Donibane Lohitzuneko Euskal Brass Band
Alemaniako banda Frankfurt hiritik 50 kilometrora dagoen Bavaria eskualdeko Sulzbach am Main herritik dator, 1923an sortutako taldea da eta orain bi urte ere Legazpin jo zuten. Euskal Brass Banda 2012an sortu zuten eta metalezko haize instrumentu eta perkusio jotzaileek osatzen dute banda.
Urrian Legazpiko Musika Bandak urtemugaren baitan antolatutako ekintzetan beste mugarri bat izango da. Hain zuzen, Donostiako Orfeoiarekin batera joko dute Legazpin. Kontzertua urriaren 7an izango dela konfirmatu dute momentuz.