Lizarrustiko parketxetik abiatuko dira, eta Joxean Mujikak emango ditu azalpenak.

Ondarreko indusketa lanak
Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak ibilaldi gidatua antolatu du abuztuaren 6rako Ondarreko historiaurreko aztarnak ezagutzeko. Joxean Mujika adituak emango ditu azalpenak. Ondarreko harantxoa Aralarko Natur Parkean dago, Lizarrustiko parketxetik ordubete ingurura, oinez joanda.
Bi abiapuntu izango dira irteera gidaturako: 9:00etan Lizarrustiko parketxetik, eta 10:30ean Errekabeltzeko langatik. Itzulera orduak 12:30ak eta 14:00ak izango dira, hurrenez hurren. Adin guztietako bisitariei dago zuzendua txangoa. Azalpenak euskaraz emango dira.
Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net edo 943 180 335 / 688 895 069.
Aralarreko giza aztarna zaharrenak
Aralarren aurkituriko giza aztarna zaharrenak (Neandertalek egindako tresnak) Ondarren aurkitu ziren, baita Aralarko cromlech bakanetako bat ere. Antolatzaileen arabera, “gutxi dira Euskal Herrian historiaurreko hainbeste aztarna aurkitu diren tokiak, eta are gutxiago gaurdaino hain ondo gorde dituzten lekuak”. Hain zuzen, ikerketa lanak ez dira oraindik bukatu eta oraindik aztarna gehiago topatzea espero dute.