EH Bilduk kontrako botoa eman du. Egokiagoa iruditzen zaio Bai Euskarari ziurtagiria eskatzea.
Oporraldien aurreko azken udal batzarrean, Beasaino Udalak
Bikain euskararen kalitate ziurtagiria lortzeko eskaera egitea onartu du. Proposamena, ordea, ez da aho batez onartu, EH Bilduko sei zinegotziek ezezko botoa eman baitute. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin (9) atera da aurrera neurria. Hala, udalak ebaluazioa egiteko eskaera egingo dio Eusko Jaurlaritzari.
EH Bilduk aurka bozkatzeko arrazoiak
Beasaingo EH Bilduren ustez, egokiagoa litzateke Bai Euskarari ziurtagiria eskatzea Bikain ziurtagiria baino, eta haien
webgunean hainbat arrazoi aipatu dituzte iritzi hori argudiatzeko.
Besteak beste, Bai Euskarari ziurtagiria eskuratzeko azterketa sakon bat egin behar dela, eta urteroko helburuak ezarri behar izaten direla adierazi dute. “Bikain ziurtagiriak, ordea, uneko argazki bat baino ez du egiten, jarraipenik gabe”.
Horrez gain, Bai Euskarari ziurtagiria “hedatuagoa” dagoela argudiatu dute, eta Euskal Herri mailakoa dela (Bikain ziurtagiria EAE mailakoa da). Gainera, Bikain ziurtagiria “EAJ-k sortua” dela adierazi du EH Bilduk: “ez zaigu serioa iruditzen marka bat ekartzea hona”.