Gipuzkoako Foru Aldundiak 124.000 euroko diru laguntza eman dio udalari: lanen kostuaren erdia.
Urtarrilean amaitu zituzten lehenengo faseko lanak; sarrera eta aldagelak berritu zituzten. / Myriam Aranburu
Iazko urte amaieran ekin zion Idiazabalgo Udalak Igarondo pilotalekua berritzeari. Lehenengo fase hartan, aldagelak eta sarrera berritu zituzten, irisgarritasuna bermatzeko. Abuztuan zehar, berriz, bigarren faseari ekingo diote. Bigarren fase honetan, teilatua berritu eta igogailua jarriko dute.
Teilatuan, egungo estalkia kendu eta isolamendua duen estalki bat jarriko dute. Argia sartzen uzten duten zati gardenak ere aldatu egingo dituzte. Igogailua, bestalde, sarreran jarriko dute, irisgarritasuna bermatzeko lanei amaiera emateko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du lanen %50a
Construcciones Echaide enpresak egingo ditu lanak. 248.000 euroko kostua izango du bigarren fase honek, eta erdia Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du. Igarondo pilotalekua 1981. urtean eraikia da, eta, udalaren esanetan, obra hauei esker “kirol instalakuntza moderno batek bete beharreko baldintza guztiak bermatuko ditu”.