Atzo hasi zituzten Andre Mari eta San Roke festak. Baztarrika gaztandegikoek irakurri zuten pregoia, eta udalak omenaldia egin zion Juanito Esnaola zenari.
Baztarrika gaztandegikoek irakurri zuten pregoia. / Aimar Maiz
Gabiriako Andre Mari eta San Roke festak atzo hasi ziren, txupinazoarekin. Makila jaitsi zuten elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira, eta ekitaldiaren sortzaile Juanito Esnaola zena omendu zuen udalak. Haren seme Enekori plaka bat eman zion Iñaki Etxezarreta alkateak, “Hire burutazioa ohitura bihurtu duk” idatziarekin.
Aurten, festa hasierako pregoia Baztarrika gaztandegikoek bota dute. World Cheese Awards munduko gazta lehiaketan urrezko domina bat irabazi zuten iaz, eta herriak Idiazabal gaztagintzan eta nekazaritzan egiten duten ahalegina eskertu die.
Amelia Jauregik gogoratu du Baztarrika “errautsetatik sortutako proiektua” dela. Baserria 1961ean erre zitzaienean Gabiriako herritarrek eman zien laguntza oroitu du: “Batzuek bizitokia utzi ziguten, besteek ganadua edukitzeko ukuilua, eta Gabon eskeko dirua ere guretzat izan zen”. Hiru belaunaldiren transmisioak garatu du Baztarrikako katea.
Bergarako zezenak eta poniak, boteluze erakustaldi partida (Larraulgo taldeak irabazi zuen, 7-6, Gipuzkoako konbinatu baten aurka), eta gazte afaria izan miren atzoko beste ekitaldi batzuk.
Gaur gazte olinpiadak eta bertso saioa
Gaur, astelehena, 17:30ean berrekingo zaie jaiei. Haurren eta gaztetxoen olinpiadak jolastuko dituzte, eta apar festa izango da. 19:00etan, bertsolari jaialdia izango da, plazan. Euskal Herriko hiru txapeldun ariko dira: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio; baita Osinalde sariketa aurten irabazi duen Unai Mendizabal, Maider Arregi bigarrena eta Jon Maia ere.
Iluntzean pintxo-potea izango da, 23:00etan Etsita kale antzerkia, eta galena kontzertuak: Patxuko Nice (Irun) eta Autobus Magikoa (Oiartzun).
Hemen duzue ikusgai jaietako egitarau osoa. Gaueko autobus zerbitzu berezia ere izango da Urretxu, Zumarraga, Beasain, Ordizia eta Ormaiztegitik.
Atzoko irudiak (Aimar Maiz):