Aste honetan hasiko dira lanekin eta bost hilabete inguru iraungo dute.
Intxausti industriagunetik Zegamara doan errepidea. / Maialen Igartua
Intxausti industriagunetik Zegamako herrigunera doan bidea zabalduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta bidegorria jarriko dute zati horretan. 800 metro inguru daude Intxaustitik Zegamara.
Gaur egun, Seguratik Intxaustiraino iristen da bidegorria, eta lan hauekin Zegamaraino luzatuko da. Hala, herri batetik bestera bidegorriz joateko aukera izango da.
Aste honetan dira lanekin hastekoak, eta bost hilabete inguru iraungo dutela uste dute. Bitartean, dena den, ez da arazorik izango autoarekin pasatzeko.
Zegamarren aspaldiko eskaera
Joseba Izagirre Zegamako alkatearen hitzetan, beharrezko obra da. “Zegamarrek aspalditxotik genuen eskaera zen, eta azkenean iritsi da”, adierazi du.