Euskal Herriko 18 segalarik Europako txapelketa jokatuko dute asteburuan. Tartean bi goierritar daude, biak zaldibiarrak.
Zaldibiatik abiatu den taldea, gaur arratsaldean. / Maialen Igartua
Lotarako zakuak, jan-edana, maletak… eta nola ez, segak! Autobuseko maletategia goraino bete dute Almitza sega elkarteko kideek gaur arratsaldean. Suitzarako bidean dira jada, han jokatuko den Europako txapelketan parte hartzeko asmoz. Euskal Herria ordezkatuz, 18 segalari abiatu dira Suitzara (hamabost heldu eta hiru gaztetxo). Eta haiekin batera, senitarteko eta lagunak. Guztira, 50 bat lagun, autobuskada ederra.
Txapelketa jokatuko duten segalarien artean, bi goierritar daude, biak zaldibiarrak: Migel Mari Jauregi
Altzo eta Maide Garmendia.
Bidaia luzea dute aurretik oraindik Almitzakoek. 16:00etan abiatu dira Zaldibidatik, eta 18 ordu inguru pasako dituzte helmugara iristen. Bihar, arratsaldean, harrera egingo diete eta lekua apur bat ezagutzeko aprobetxatuko dute eguna.
Larunbatean kultur jaialdia eta zozketa
Larunbatean, berriz, txapelketan parte hartuko duten nazio bakoitzak emanaldi bat eskainiko du. Euskal Herriaren kasuan, Tolosako Udaberri dantza taldeko lau kide joan dira Almitzakoekin batera (tartean Segurako dantza txapelketa irabazi zuen bikotea), eta euskal dantzen emanaldia eskainiko dute Suitzan. “Herrialde bakoitzak bere nortasuna islatzen duen emanaldiren bat eskaintzen du”, azaldu du Altzok.
Larunbat iluntzean, zozketa publikoa egingo dute, segalari bakoitzari zein lote ebakitzea tokatu zaion jakiteko. Une hori oso garrantzitsua izaten da Altzoren esanetan. “Nazio bakoitzeko kideak ateratzen gara, eta gure herrialdeko ereserkia jotzen du orkestrak. Gero, segalari bakoitza banan banan ateratzen da, eta bere lotearen zenbakia ateratzen du. Segalari baten izena bozgorailutik esaten dutenean, denak builaka hasten dira”.
Igandean txapelketa, goizetik gauera
Igandean, azkenik, txapelketa eguna. Goizean goiz hasi eta iluntzera arte luzatzen da txapelketa. 18 txanda izaten dira, eta txanda bakoitzean nazio bakoitzeko ordezkari bat ateratzen da. Gizonezkoek 100 metro koadroko saila ebaki beharko dute, eta emakumezkoek 35 metro koadrokoa.
Altzok ez du uste lehenengo postuetan sartzeko moduan izango direnik. “Gizonezkoetan, onenek bi minutu inguruan mozten dute saila, eta emakumezkoetan, minutuaren azpitik; gu ez gara denbora horietan sartzen”. Dena den, gazteen kategoriarekin badu esperantza apur bat.
Zortzi naziok parte hartuko dute Europako segalari txapelketan: Suitza, Austria, Alemania, Eslobenia, Hego Tirol, Eslobakia, Txekia, Errusia eta Euskal Herria.
Euskal Herriko segalari sailkatuak:
GIZONEZKOAK:
- Bixente Mitxelena
- Migel Mari Jauregi Altzo
- Jexuxmari Goenaga
- Julen Gabirondo
- Jon Otegi
- Mikel Lizartza
- Oier Urkola
- Andoni Urrutia
- Enaitz Ibabe
- Suharri Irazustabarrena (ordezkoa)
EMAKUMEZKOAK
- Ainhoa Mazkiaran
- Irati Astondoa
- Ainara Otamendi
- Alaitz Imaz
- Maide Garmendia
14 URTEZ AZPIKO MUTILAK
- Harkaitz Gabirondo
- Amaiur Arrospide
14 URTEZ AZPIKO NESKAK