Une hauetan zaharberritzen ari diren erretaulari buruzko hitzaldiak eskainiko dituzte ostegunean eta igandean.
Iaz herritarren artean herri kirol desafioa egin zuten. / Pilare Muxika
Abuztuaren 23tik 27ra ospatuko dituzte San Bartolome jaiak Itsason. Tripa bapo beteta hasiko dituzte festak, gainera. Izan ere, herri afaria izango dute lehen egunean, herriko plazan jartzen duten karpan. Zumarragako Elortza eta Larrañaga trikitilariek alaituko dute afalostea, eta bertsolariak ere izango dira: Maialen Akizu urretxuarra eta Julio Soto.
San Bartolome egunez, Itsasoko elizako erretaulari buruzko hitzaldia emango du Javier De Miguel Equipo 7 enpresako zuzendariak, elizan bertan. Enpresa hori da, hain zuzen, erretaula zaharberritzen ari dena. “Altxor ugari aurkitzen ari dira, eta ondare hori herritar guztien esku jarri nahi dugu”, adierazi du Pilare Muxikak. Igandean, hilerriko mezaren ondoren, berriro errepikatuko dute hitzaldia.
Itsasoarrak lan eta lan ari dira festak aurrera ateratzeko, azken prestaketa lanetan. Bihar montatuko dute plazako karpa.
Bizikleta trabesia, paella lehiaketa eta herritarren arteko herri kirol desafioa
Nabarmentzekoak da larunbateko
bizikleta trabesia, azken urteetan Inaxio Larrañagaren oroimenez egiten dena. Aurtengoa 17. trabesia izango da, eta Gipuzkoa osoko 80 lagun inguruk parte hartuko dute. 24 kilometro egingo dituzte Kizkitzatik eta Itsaso inguruko mendietatik igaroz.
Paella lehiaketa ere egingo dute larunbatean. 14 bikotek parte hartzen dute lehiaketan, eta ondoren 200 lagun ingururi ematen diete afaltzen. Lehenik lehiaketan prestatutako paella jango dute, gero untxia saltsan, eta azkenik bakoitzak etxetik eramandako postreak.
Igandean amaituko dituzte jaiak, herritarren arteko herri kirol desafioarekin.
EGITARAUA
Abuztuak 23, asteazkena
- 18:00. Pilota express txapelketa eliz atarian.
- 21:00. Herri afaria. Elortza eta Larrañaga trikitilariak. Maialen Akizu eta Julio Soto bertsolariak.
Abuztuak 24, osteguna. San Bartolome eguna.
- 11:00. Meza nagusia.
- 12:00. Itsasoko ondareari buruzko hitzaldia: elizako erretaula.
- 13:00. Toka lehiaketa.
- 18:00. Haurrentzako jolasak.
- 19:30. Eriz magoa.
- 22:00. Juan Karlos Irizar piano jolea.
Abuztuak 25, ostirala
- 16:00. Mus txapelketa.
- 20:00. Zahagi ardoa eta sagardoa txotxetik.
- 22:00. Guri 5 taldearen kontzertua.
Abuztuak 26, larunbata
- 16:30. Mendi bizikleta trabesia.
- 19:30. Paella lehiaketa herrikoia.
- 23:00. Imanol, Unai eta Kitto taldearen kontzertua.
Abuztuak 27, igandea
- 11:00. Hilerrian meza.
- 12:30. Ondareari buruzko hitzaldia: elizako erretaula.
- 13:00. Herri kirolak.