Ampo Ordiziak itxura ona eman du aurredenboraldiko lehen partidan
Denboraldi berriari aurre egiteko lanean ari da jada Ordizia Rugby Elkarteko seniorren taldea. Harkaitz Garmendiak eta Iñigo Marotiasek taldearen gidaritzapean jarraituko dute eta gogor aritu dira lanean abuztuaren erdialdeaz geroztik, irailaren 17an hasiko den ligan, “klubak jarri dituen helburuak lortu ahal izateko”. Ligako lehenengo partida, irailaren 17an jokatuko badute ere, aurredenboraldiko lehenengoa, pasa den larunbatean izan zuten, Frantziako Agen hirian, Top14ko Sporting Union Agenen spoirs mailako taldearen aurka. Ez ziren baldintzarik onenak Valence d’Agengo Stade Armandien partida bikaina egiteko. 37ºko tenperaturarekin hasi zuten partida arratsaldeko 17:00etan, autobusez bost orduko bidaia egin ondoren. Horrez gain, “ohikoa baino partida luzexeagoa izan zen eta partida normal batean baino jokalari gehiagok parte hartu zuten”, Garmendiak argitu bezala. Emaitza aldekoa izan ez bazen ere, “bi entsegu ondo landuak gauzatu” zituzten Ordiziako mutilek eta zelaian emandakoarekin “oso gustora” agertu dira entrenatzaileak, “taldeak emandako itxurarekin”.
Datorren astebukaeran berriz, irailaren 2an hain zuzen, senior taldea etxeko zaleen aurrera agertuko da, Altamiran. Madrilgo Cisneros izango du aurrean, ohorezko mailan jokatzen duen taldea. Altamiran burutuko den estreinaldirako talde indartsua da Madrilgoa. Aurreko astebukaeran jokatutako partida baino seriagoa izango dela adierazi du Garmendiak. “Pixkana ligako partidetara hurbiltzen joateko aukera polita izango” dela gehitzen du, eta gainera, “taldearen egoera zein den neurtzeko modua ere izango” da.
Azkenik, liga hasi bezperan, irailaren 9an hain zuzen, Liceo Frances taldea izango du bisitari Goierriko klubak. Talde madrildarra, ohorezko b mailan aritzen da eta pasa den denboraldian, igoera fasea jokatu zuen. Zaleek, taldearen orain arteko lana ikusteko aukera polita izango dute beraz, hurrengo astebukaeratan.
Klubeko gainontzeko taldeak ere, oporren bueltan lanean hasteko dira laster. Gaur bertan hasiko dira 16 eta 18 urtez azpiko taldeak. Klubeko “gaztetxoenak eta neskak, hurrengo asteetan hasiko” direla jakinarazi du klubak.
Fitxaketak
Taldea indartzeko asmoarekin, hainbat fitxaketa berri egin ditu talde ordiziarrak. Coert Cronje, hegoafrikarra da, 29 urte ditu, 1,83 neurtzen du eta 90 kilo ditu. Cronje hiru laurdenak indartzeko helburuarekin dator eta Cristian Rustek utzitako hutsunea betetzea du helburu. Coertek, Falconsen jokatu du 2012az geroztik. Vodacom Cup eta Currie Cup-en jokatu du besteak beste.
Juan Manuel Lescano ere Ordizian ariko da datorren denboraldian. Lescano Argentinarra da, 26 urte ditu eta erdi-melea da. Paranako Estudiantes taldetik dator, goren mailako Atletico Rosarion jokatu ondoren. Americas Championship eta Nations Cup txapelketetan aritua da Argentina XV taldearekin.
Entrenatzaile ikastaroa
Ordizia Rugby Elkarteak, entrenatzaile izateko ikastaroa eskainiko du irailean, hilaren 12an, 14an eta 15ean hain zuzen, 17:00etatik 19:00etara. Interesa duten guztiek, izena emateko epea zabalik dago eta direcciontecnica@ordiziarugby.eus epostara idatzi beharko dute.