Artzai Gazta elkarteak oso garrantzitsutzat jo ditu Aizpearen eta La Lezeren sariak Great Taste lehiaketan
Idiazabal Gaztak beste bi lorpen garrantzitsu lortu ditu Ingalaterran egiten den Great Taste lehiaketaren aurtengo edizioan. Olaberriko Aizpea gaztandegiak bi sari eskuratu ditu, Urbiako txabolan egindako Ttonttor mendiko gaztarekin bat (2 izar), eta behean egindako beste gazta batekin beste bat (2 izar). Arditegia Ilarduian (Asparrena, Araba) daukaten Joxemari Jauregi eta Eli Gorrotxategi goierritarrek ere beste bi sari ekarri dituzte, La Leze gaztarekin: ketutako gazta batekin gorena (3 izar), eta ketu gabeko beste batekin bestea (izar 1).
La Lezekoen kasuan, 3 izar lortuta, munduko 150 elikagairik onenen artean sartu dira. Edariak eta jakiak baloratu dituzte Great Tasten, martxotik uztailera bitartean. Guztira, 12.300 produktu baino gehiago, aurrez aukeratuak, dastatu eta baloratu dituzte adituek.
Artzai Gazta elkarteak Lezeko gaztandegian agerraldian egin du gaur eguerdian, eta sari horiek “nazioartean oso-oso garrantzitsuak” direla argitu du Luisa Villegas koordinatzaileak. “Albiste oso inportantea da. Lehiaketan gazta asko ere ez zeuden, eta aurkeztutako gazten artean, 2. edo 3. izango lirateke. Aurreko bi urteetan ere sariak lortu ditu Idiazabal Gaztak Great Tasten, gainera”. 1994tik egiten da lehiaketa hori, eta produktu kopuruz eta “prestigioz” munduko handiena da.
Katatzaile ofizial aritu den Victoria Urrestik ere sari horien balioa “handia eta oso garrantzitsua” dela aitortu du. 500 katatzaile aritu dira, 62 egunetan, 12.366 produktu probatzen eta epaitzen.
La Lezeko 3 izardun gazta, gainera, final handian sartu da. 150 produktu onenen artetik, munduko jaki onena aukeratuko dute, irailaren erdialdera ospatuko den gala batean. Ordu arte ez da jakingo zein den irabazlea.