Aurtengo nobedade nabarmenena da Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak urteko topaketa igandean bertan egingo duela Legazpin
“Gure gaztak dastatzea gure herriko kulturari eta baloreei eusteko modu onena da” esanez amaiera eman dio Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko Zuzendari nagusiak gaur aldundiaren egoitzan, Donostian, egin duten Gipuzkoako Artzain Egunaren aurkezpenari. Legazpin izango da artzainen lanari aitortza egiten dion eguna datorren igandean, aurtengoa 33. ekitaldia da. Aurkezpenean Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordea, Koldobike Olabide Legazpiko alkatea eta Aitor Mantxola artzain legazpiarra izan dira. Guztiekin batera Laura Igantzik parte hartu du agerraldian Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen ordezkari gisa, izan ere, aurtengo Artzain Egunaren berritasun azpimarragarriena da elkarteak urteko topaketa Legazpin bertan egingo duela igandean.
Omenaldiak, erakusketak, artisauen lanak, txapelketak eta beste hainbat ekintza hartuko ditu Artzain Egunak. 400-450 lagun espero dituzte Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko topaketan.