Galeperrako aldapa oinezkoentzat bakarrik izango da
Zumarragako Udalak Secundino Esnaola kaleko lehen zenbakietako espaloia zabaldu du. Lanak ia bukatuta daude. Zebrabide berria egitea, lurrazpiko edukiontziak irekitzea eta Galeperra elkarte ondoko aldapa eta bere ingurua asfaltatzea bakarrik
Zumarragako Udalak Secundino Esnaola kaleko lehen zenbakietako espaloia zabaldu du. Lanak ia bukatuta daude. Zebrabide berria egitea, lurrazpiko edukiontziak irekitzea eta Galeperra elkarte ondoko aldapa eta bere ingurua asfaltatzea bakarrik falta da. Aipatzekoa da Galeperrako aldapa oinezkoentzat bakarrik izango dela.
Izan ere, aldapa hori jende askok erabiltzen du herri batetik bestera pasatzeko eta ez da egokia ez autoentzat eta ez oinezkoentzat. Galeperrako aldapa autoentzat itxi zuten obra egin ahal izateko eta gidariek lurrazpiko pasabide ondoko bidea erabili dute Ibaiondo ibiltokira sartzeko eta bertatik irteteko. Arazorik ez dela egon ikusirik, udalak Galeperrako aldapa oinezkoentzat uztea erabaki du. Hori bai, lurrazpiko pasabidearen ondoko bideko bidegurutzean ispiluak jarriko ditu.
Bestalde, Legazpi-Secundino Esnaola-Iparragirre bidegurutzean zebrabide altxatu bat jarriko du. Orain arte, oinezkoek bi zebrabide pasa behar zituzten Iparragirre hiribidetik Secundino Esnaola kalera joateko. Zebrabide berriaren formari esker, zuzenean Secundino Esnaola kalera pasa ahal izango dira, Legazpi kaletik pasa gabe. Dena den, Secundino Esnaola kaleko obraren helburu nagusia espaloia zabaltzea eta errepidea estutzea izan da. Horretarako, aparkalekuak kendu dituzte.
Obra hau bukatu ondoren, udalak Urdaneta kaleko espaloia berrituko du (1-7 eta 2-8 zenbakiak). Obra hau udazkenean esleituko dute. Aparkalekuak diagonalean jarriko dira, autoak espaloira sar ez daitezen. Bestalde, bi zebrabide altxatu egingo dituzte dituzte: Eroskitik Eitzako aldapara doana eta kiroldegitik Eitzako aldapara doana.