Uda Goierrin igaro duten haur sahararrak itzuli dira sorlekura
Beste urtebetez, Sahararekiko elkartasuna eta laguntza bideratzen duten elkarteek, Oporrak bakean egitasmoa burutu dute. Sahararren kanpalekuetatik eta basamortutik hainbat haur ekarri dituzte, udako bi hilabete —desertuan gogorrenak direnak— Euskal Herrian igarotzeko. Han duten gatazka eta menpekotasun egoeratik atera, eta oinarrizko arreta eta zerbitzu gehiago jasotzeko aukera izan dute, hala.
Goierrin ere egon dira haur batzuk, bertako familiek hartuta. Algamar elkarteak (Goierri behean) eta Hare Haizeak (garaian) kudeatu ditu egonaldiak. Azken urteetan, ordea, beheranzko joera nabaritu dute harrera familiak aurkitzerakoan.
Astelehenean joan ziren haur sahararrak. Ataunen, adibidez, hiru mutiko egon dira. Agurra berezia izan da, ez baitira horiek gehiago partaide izango Oporrak bakean programan. Urte askoan etorri dira, Ataunera, zortzi udatan gehienekoa, hirutan gutxienekoa. Ataungo herriari eskerrak emanez eta Ataungo Atarian argazki bat ateraz adio egin dute.