Goierriko turismo datuak aurkeztu dituzte gaur eta bisitariak mantendu direla adierazi du Goiturrek
2017ko udarako, Goierri beheko turismo datuen balantzea aurkeztu du gaur goizean Goiturrek eta «gutxigatik bada ere, iazko errekorra ere gainditu» dela adierazi du Niko Osinaldek, Goiturreko zuzendariak. Uztaila eta abuztuko hilabeteetan, Goierriko turismo bulegoek, hau da Ataun, Beasain, Idiazabal, Lizarrusti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zeraingo turismo bulegoetan bildu dituzten datuak dira aurkeztutakoak.
Uztaila eta abuztuan, 15.707 pertsona pasa dira Goierriko turismo bulegoetatik; 8.021 pertsona uztailean eta 7.686 pertsona abuztuan, iaz baino 0,4 gehiago. Niko Osinaldek, argi utzi nahi izan du «turismo bulegoetan jasotako datuak» direla.
2016ko udaran Goierri beheak jasotako bisitariek %23, 2 egin zuten gora, aurreko urtearekin alderatuta. Datu horiek «hobetzea zaila» izango zela adierazi du Osinaldek, baina «oso pozik» agertu da «jasotako datuen arabera, bisitari kopurua pixka bat gora egin» duelako, «Euskadin orokorrean behera egin badu ere». Felix Urkola, Goiturreko lehendakaria ere, agerraldian izan da eta «datuok, ereindako haziaren fruitua» dela nabarmendu du.
Bestalde, bisitari horiei guztie egonaldi atsegina eskaintzeko hilabeteotan lanean aritu direnei «eskerrak eman eta emandako zerbitzuengatik zoriondu» die Urkolak. Argi utzi du gaur aurkeztutako datuak, «haien lanaren emaitza ere» badirela eta udazkenera begira, «bisitariak erakartzen jarraitzeko lanean jarraitzeko guztiei dei egin» die.
Lanaren emaitza
Goiturreko zuzendariak adierazi bezala, «jende asko etorri da lehen aldiz Euskadiko barnekaldea hobeto ezagutzera». Uda aurretik hori horrela izango zela ondo aurrikusi zuen Goiturrek. Horregatik, bere helburu nagusiena, promozio alorrean behintzat, web orria ondo kokatzea izan zen, internet bidezko bilaketak egiterako garaian.
Euskadi barruan egindako publizitate kanpainek eta Donostiako lau turismo bulegoekin egindako hitzarmenek ere bere eragina izan dutela argudiatu du. «Estatu mailan eta nazioartean egindako promozioaren ondorioz ere, bisitari asko etorri» dela adierazi du Osinaldek.
Jasotako datuen arabera, 37 herrialde desberdinetako bisitariak izan dira Goierri behean. Guztien artean, «herbehereetatik etorritakoek, nabarmen egin dute gora».
Espainiar estatutik etorritakoei dagokienez, «katalanak dira gehien bisitatzen gaituztenak», Osinalderen hitzetan. Horien atzetik, Valentzia eta Madril daude. Osinaldek, Kanariar irletatik eta Andaluziatik etorritako bisitarien kopurua ere nabarmendu nahi izan du.
Bisitari horiek guztiak erakartzen dituzten arrazoiak ugariak dira; batzuk aipatzearren, Ordiziako azoka, mendi ibilbideak, gaztandegiak eta arroilen jetsierak nabarmendu ditu Goiturrreko zuzendariak.