Usurbeko Igoera: 4,7 kilometroko malda gogorrean gora korrika
Usurbeko festarekin batera, kirolak ere izango du lekua igan-dean, Usurbe Igoera korrikaldiarekin. 11:30ean abiatuko dira korrikalariak Andre Mari elizaren ondoko aparkalekutik Agortarainoko 4,7 kilometroko maldan gora (desnibela, 446 m, %9,5). Izena emateko bi aukera daude: aurrez, herrikrossa.com webunean, edo egunean bertan irteera puntuan, 10:00etatik aurrera. Izena aurrez ematen dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek, 12 euro.
Lasterketaren irabazleek 120na euro eta txapel bana jasoko dute; bigarren sailkatzen direnek 70 eurona; eta hirugarren iristen direnek, 50 euro. Herriko lehenengo gizonezkoarentzat eta emakumezkoarentzat sari bereziak banatuko dituzte. Parte hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute opari, eta baita hamaiketakoa ere. Lasterketaren errekorra hausten duenarentzat, azkenik, 80 euroko saria jarri dute antolatzaileek. Gizonezkoetan orain arteko denborarik onena Oier Ariznabarretak du: 20 minutu eta 44 segundo. Emakumezkoetan, Amaia Insausti olaberritarrak du errekorra, 25 minutu eta 58 segundo.
Beasain Challengeko proba
Beasain Challengeko azken aurreko proba da Usurbekoa; azkenekoa, abenduaren 31n jokatuko da, San Silbestrea.