Beasaingo gaztetxearen 13. urtemugako ekintzak bihar hasiko dira
Beasaingo gaztetxeak bihar hasiko ditu 13. urtemugako ekitaldiak. 17:00etan, Bihotz emozioen hizkuntza clown tailerra izango da, Puy Osesen eskutik. Hiru grafitilari gaztetxea margotzen ere hasiko dira bihar; astebururako bukatzeko asmoa dute. Ostegunean, 17:00etan, Joxemi Zubalabe fundazioko Pili Alvarezek Genero harremanak gaztetxean hitzaldia egingo du. Eta ostiralean, auzolana, afaria eta solasaldia egingo dituzte.
Larunbatekoa izango da gaztetxearen urteurreneko festa egun nagusia. Mozorro festa, altxorraren bila ginkana eta bazkari herrikoia egingo dituzte, besteak beste. Bazkarirako txartelak herriko tabernetan daude salgai, 8 euroan (langabeek 6 euro). Ginkanarako ere aurrez eman behar da izena, larunbata baino lehen.
Larunbat gauean berriz, kontzertuak izango dira. 18:00etan, Kike Tormenta bakarlariaren saioa izango da. 20:00etatik aurrera, Akerjenbe Sound Sistema, Bastardix, Nafarroa 1512, Marmol, Necesidad de luchar eta Olarius&Brothers ariko dira, goizaldera arte.