Gaur hasiko dira Legorretan hondakin bilketa sistema berria erabiltzen
Gaur jarriko dute martxan Legorretan, hondakin sistema berria. Lehenengo, auzoetako txanda izango da eta irailaren 25eko astean izango da herrigunearena. Martxoaren 12an burututako galdeketaren ondoren eta apirileko osoko bilkuran emaitza onartuta, uda aurretik prestaketa lanak egin, eta edukiontziak erabiltzen hasteko unea iritsi da.
Auzoei dagokienez, Berostegi, Legorretazahar, Koate, Esnaola, San Migel eta Olakon, hondakinak etxola batzuetan bilduko dira. Lau jarri dituzte guztira eta etxola horien barnean egongo dira edukiontziak. Itxita egongo dira eta nork bere giltza izango du. 24 orduz, astean zazpi egunetan irekitzeko aukera izango dute bizilagunek.
Bestalde, geltokiko aparkalekuko birziklagunea kendu egingo dute eta aparkalekuak jarriko dira bertan.
Legorretako Udalak jakinarazi du, herrigunean, irailaren 25eko astean jarriko dutela martxan sistema berria. Hasiera batean, lur azpiko edukiontziak berriz jartzea pentsatu bazuten ere, “oso garesti izateaz gain, arazo tekniko handiak ematen” dituztela eta, azkenean ez dituzte jarriko.
Organikoaren poltsak jasotzeko, txartela erabili beharko da. Txartel berarekin ireki ahal izango dira organikoaren edukiontzia eta errefusarena (astean behin). Pixoihalak edukiontzi berezi batean bilduko dituzte eta hori erabili nahi duenak, txartela udaletxera eraman beharko du, aktibatu ahal izateko.
Taberna, denda eta enpresei dagokienez, “orain arte bezala zerbitzu berezia eskainiko” zaiela adierazi du udalak. Dudarik egon ez dadin, eskuorri batean jaso dute informazio guztia eta buzoian jasoko dute herritarrek.
Batzar irekia bihar
Oporretatik bueltan, lanean hasia da Legorretako udala eta gai garrantzitsu asko ditu esku artean. Horien berri emateko, informazio batzar irekia deitu dute etzi, osteguna, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Herritar guztiak gonbidatuta daude.