«Goierrin transmisioak sekulako kezka eta arazoa sortzen dit»
Lazkao Txikiren izeneko 26. Bertsopaper Lehiaketako sariak etzi banatuko dituzte, Ordizian. Gaur, Goierriko bertsolarien saioa izango da. Antolaketak utziak ditu Joxe ...
Lazkao Txikiren izeneko 26. Bertsopaper Lehiaketako sariak etzi banatuko dituzte, Ordizian. Gaur, Goierriko bertsolarien saioa izango da. Antolaketak utziak ditu Joxe Mari Barandiaranek (Ataun, 1947), baina sariketaren eta Goierriko Bertso Eskolaren sortzaileetakoa da. Ahotsa eta hitza da Barandiaranena bertsolaritzan, euskalgintzan eta herrigintzan. Eta kezkati da, 70 urteren talaiatik.
Bertsopaper lehiaketa orain 25 urte hasi zenuten, 1992an.
Aurrera atera behar genuela ari ginen pentsatzen, eta Joxe Migeli [Iztueta, Lazkao Txiki] deitu genion. Etorri, eta Argi-Berri elkartean egon ginen. Orduan, bertsopaperak gaur baino ugariago zeuden. Gurea bertso eskolaren 10. urteurrenaren bueltan izan zen, geldituko zen zerbait utzi nahi genuelako.
Ondo iruditu zitzaion Iztuetari?
Bai, ez zigun eragozpenik jarri. Baina hark beti politikarekin lotzen zuen: «Nik politikarekin ez diat ezer jakin nahi». Ezetz esan genion, jendeari paperak eskatu, bidali, eta ez zela besterik izango, euskararen aldeko ikuspegitik. Hitzarmen bat egin genuen; geuk idatzi lau lerro, eta Manolo Gorospe zenak eta Joxe Migelek sinatu zuten. Politikarekin ez zuela zerikusirik nahi esaten zuen, baina berak hori lantzen zuen, politikan jarduten zuen. Argi-Berriko paretek hitz egingo balute, egun hartan hark esan zituen zenbait gauzataz…
Argi-Berriko hormak. Zenbat bertso eta kontu ez ote dute entzun, elkartea irekiz geroztik.
Bai. 1978ko urtarrilean ireki zen. Atariko lauburua Juanito Lopez eskultore tolosarrak egina da. Bertso eskola hemendik sortua da. Ordiziarako bertso eskola geneukan pentsatuta, baina 1980an, Beasaingo Lizeoko bilera batean, irakasleek-eta zioten Goierri mailan izan behar zuela. Gure eskemak puskatzen zituen, eta beste arazo batzuk sortzen zituen. Handik urtebetera esan genuen ados, aurre egingo geniola, eta Goierrira zabaldu genuen. 1982an hasi zen.
Argi-Berrik hasieratik jarri zuen arreta bertsolaritzan?
Ez. Estatutuetan esaten du kultura eta euskara laguntzeko eta bultzatzeko elkartea dela. Hori hala izan da, sorreratik. Hasieran, Guraso Elkarteari laguntzen genion. Gero, dantza talde bat sortzeko ideia atera zen, baina ez zen gauzatu. Eta, hiru-lau urtera, bertsozale batzuk bageunden, eta bertso eskolaren proiektua egin genuen.
Guk geneukan berezitasuna zen, beste bertso eskolek inork ez zeukatena, guk ekarri eta eramaten genituela umeak; Ataun, Zegama, Gabiriatik… Aurreneko urtean salbuespena Ataun izan zen; autobusean etortzen ziren, 50 bat haur apuntatu zirelako.
Makina bat haur eta gazte pasatuko zen, 1982tik.
Bai. 500-600 lagun pasatu dira, eta denak zerrenda batean jasota daude. Horrek poza ematen du. Euskal munduan dabiltza batzuk, bertsolaritzan zuzenean ibili gabe ere. Ez du esan nahi gure meritua denik, baina guk ere zerbaiten partea izango dugu, ezta? Guretzat pozgarria izan zen Aitorrek [Sarriegi] Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuenean, adibidez. Hemendik ateratakoa da.
«Arantzazutik etorri zait bertso zaletasuna. Zorte izugarria izan nuen irakasleekin»
«Transmisioarena ondo proiektatu eta landu behar da, ez ‘etorriko dituk’ esanda utzita»
«Nik badakit eskola zaharrekoa naizela, baina eskola zaharrak funtzionatu du»
«Bertsozale Elkartean egon nintzen aurreneko batzordeetan, antolakuntzan. Bertsoa aditzea asko gustatzen zait»
Zeuri nondik datorkizu bertsotarako zaletasuna?
Amak bertso asko zekien, buruz. Markesaren alabarenak eta, asko. Baina etxetik baino gehiago, 10 urterekin Arantzazura joan nintzen. Han liburutegia zegoen, hemen ez geneukana. Liburutegian zeuden Azpillagarenak, Lopategirenak… Batez ere, Arantzazutik etorri zen bertso zaletasuna.
1957-58an, ordurako Arantzazun bazen euskal giroa?
Bai, bai. Zorte izugarria izan nuen. Bitoriano Gandiaga irakasle izan nuen; Joseba Intxausti segurarra ere bai, eta Luis Villasante. Horiek euskaltzaleak ziren. Haiengandik asko jaso nuen. Arantzazun, garai hartan, 1957-60 tartean, erdaraz egiten zen. Han geunden 150 mutikoren artean erdaraz aritzen ginen. Arratsaldeetan-eta, errekatxora, Iturriederrera- eta ateratzen ginenean, Bitorianok taldekooi esaten zigun: «Zuek euskaraz egin behar duzue». Hori bultzatzen zuen.
Noiz arte Arantzazun?
Arantzazutik pasatu nintzen, eta Foruan bukatu nuen. Gero erre egin zen komentu hura. 1962an etorri nintzen. Forutik Zarautzera joaten zen, nobiziatua egitera; lehenago buelta hartu nuen nik.
Bertsolaritza maiteena, baina beste arlorik jorratu al duzu? Literatura edo.
Ez, idazlea pattala izan naiz ni beti. Hori zen beste arlo bat Arantzazun lantzen zena. Bertso eskolan 30 urtean idaztea tokatu zait, udalari, harremanak, konpromisoak, memoriak edo hitzarmenak. Baina mota horretako idatziak eta artikuluren batzuk; aparteko ezer ez.
Bertsolaria izan zara, kantuz?
Ez, kantatu ez dut egin. Bertsozale Elkartean egon nintzen aurreneko batzordeetan, baina antolakuntzan gehiago. Bertsoa aditzea asko gustatzen zait. Hori bai: izugarri.
Goierri, gaur egun, Euskal Herri mailan motore bat da, bertsolaritzan. Zuek hasitako lanaren fruitu ez al da izango?
Ez, ez, guk hasitakoarena ez. Gure aurretik ere Goierrin bertsolari asko zegoen, eta saio asko egiten ziren. Zepai saria Idiazabalen —pena izan zen hura moztea—, Artxanberri Zaldibian, Osinalde ordurako bazen… Guk ez genuen ezer hasi, gu kate horretan beste maila bat izan gara. Horrerainoxe.
Gaur egun, ahaleginak non jarri beharko lirateke? Erreka norantz bideratu behar da?
Sekulako arazoa eta kezka sortzen dit transmisioak. Sekulakoa. Gu jada bukatuta gaude, eta atzetik datozenak nekez ikusten ditut. Transmisioak kezka ematen dit. Baina gogoarekin hartzen badute, eta guk baino askoz gehiago dakitenez, aterako dute aurrera. Borondate kontua da. Goierrin, momentu honetan, gazte jende dinamikoena Gabiriakoa da; diferentziarekin, aurretik daude. Besteetan ez dut ikusten, eta kezka dut.
Zuen hasiera-garaian, orain 40 urte, beste indar bat zegoen?
Bai. Batez ere Manolo Gorospe zena, Pedro Irastortza eta hirurok aritzen ginen gurdiari tiraka, eta laguntza behar zen momentu jakinetan, bageneukan atzetik jendea. Eta guk hirurok noiznahi ikusten genuen elkar elkartean, edozertaz hitz egiteko. Gaurko egunean, teknologiak agudoago egiten du dena, hainbeste telefono mobil, Whatsapp eta kristo, baina ez dakit, bada, funtsa bidean galtzen ez ote den. Hor kezka badaukat. Aurrez aurrekoak balio du. Nik badakit eskola zaharrekoa naiela, baina eskola zaharrak funtzionatu du.
Zein da formula?
Etsipena nagusitu da, eta gaur egun jendea bilatzea kostatzen da elkarteetan. Zaharren eta gazteen artean sekulako etena dago. Transmisioarena ez orain, aspaldi planteatu behar zen. Bertsozale Elkarteak ondo proiektatuta eta ondo landuta egin du, ez ‘etorriko dituk’ esanda utzita. Transmisioa landu egin behar da. Horrekin sekulako pena daukat. Herri Urratsen, adibidez, lanean jende zaharra ikusten dut, urtero joaten dena.
Luzera begiratu behar da. Iraupenarekin pentsatu dugu guk bertso eskolarekin eta bertsopaper lehiaketarekin. Bi-hiru urtean eman eta utzi, hori ez da eskola. Eskola batek luzera pentsatu behar du.