Eñaut Elorrieta eta 'Zura' dokumentala, Zur eta Lur egitarauan
Zegamako Udalak eta Anduetza Parketxeak prest dute 2017ko Zur eta Lur egitaraua. Parketxearen eta Zegamako herriaren “ezaguera sustatzeko helburuarekin” sortu zuten egitasmoa, eta hirugarren urtea egingo du aurten. Aurreko urteetan “arrakasta handia” izan zuela diote antolatzaileek, “bai zegamarren artean eta baita beste leku ugariko herritarren artean ere”. Igandean hasi eta azaroaren 10era bitartean, ibilaldi bat, Zura dokumentalaren emanaldia eta Unai Elorrieta kantariaren kontzertua izango dituzte.
Igandean ekingo diote egitarauari, Zegamako bide zaharretan barrena egingo duten ibilaldiarekin. Ibilaldiak Aizkorriko magalean dagoen Arrieta auzoa zeharkatuko du aldenik alde, bertan dauden bide zaharretatik barrena. Herriko “kultur ondarearen eta historiaren zati bat” ezagutzeko aukera izango da, iturriak, saletxeak, karobiak etab. bisitatuz. Jose Luis Ugarte, Zegamako Udalak argitaratutako mapa toponimikoaren egilea izango da ibilaldian zehar gidaria. Irteera 10:00etan izango da plazatik. Zailtasun gutxiko ibilaldia izango da, eta 3 ordu eta erdiko iraupena izango du. Irteera doakoa da, baina izena eman edo informazio gehiago jasotzeko, 943 80 21 87 telefono zenbakira deitu behar da.
Bigarren ekitaldia urriaren 19rako gorde dute. Zura, iragana, oraina eta etorkizuna ikus-entzunezkoa eskainiko dute, 19:00etan. Dokumentalean, Euskal Herriaren historian basoak eta egurrak izan duen garrantzia eta ibilbidea aztertuko dituzte. Dokumentala ikusi eta gero, solasaldia egingo dute Maria Jose Barriola, dokumentalaren zuzendariarekin. Emanaldiko sarrera doakoa izango da.
Azkenik, azaroaren 10ean, Eñaut Elorrieta kantariak bakarkako kontzertua eskainiko du. Elorrieta Ken7 taldeko abeslari bezala egin zen ezagun, baina bakarkako ibilbidea hasi zuenetik, gelditu gabe dabil, gitarra eskuan hartuta. Saioa 19:30ean izango da, eta sarrerak aurrez (8 euroan) edo egunean bertan (10 euro) erosi ahal izango dira.