Iztueta ikastolaren 50 urte ospatzeko hitzaldia eta bazkaria antolatu dituzte
Andoni Egaña euskarari buruz ariko hizlari, bihar. Ikastolan ibili zirenak eta laguntzaileak igandean elkartuko dira. Horma-irudia margotu du Galarragak, eta erakusketa irekiko dute ostiralean
Zaldibiako ikastolan ibili ziren ikasle, irakasle eta gurasoek, eta hura aurrera ateratzen lagundu zuten herritar ugariek ospakizun astea dute. Irail honetan bete dira 50 urte Iztueta ikastola lanean hasi zela, 7-8 umerekin eta Maria Rosario Mendizabal irakaslearekin, Leku-Eder etxepeko lokal batean.
Talde eragile batek hiru ekitaldi antolatu ditu, 50. urteurrena ospatzeko. Batetik, Andoni Egaña bertsolari eta idazle zarauztarrak hitzaldia egingo du euskara ardatz hartuta, bihar 19:00etan, kultur etxean.
Bestetik, ostiralean 19:00etan argazki eta eskola-material zaharren erakusketa jarriko dute, kultur etxean: hiztegiak, ipuinak, lan koadernoak, jolasak… jarriko dituzte. Irudiak bazkarian ere proiektatuko dituzte.
Ospakizun egun handia igandea izango da. Lagun arteko bazkarian elkartuko dira ikasle izandakoak, irakasleak, gurasoak eta zaldibiar ugari; denera, 135 bat lagun. Frontoi itxian egingo dute oturuntza, 14:00etan. Aurretik, 13:00etan, taldekako argazkiak aterako dituzte, Lardizabal eskolaren aldameneko aparkalekuan, Juan Manuel Galarragak okasiorako margotu duen horma-irudiaren aurrean. Trikitilariak ere izango dira.
Eskola ondoan irudikatua
Iztueta ikastolak 1981era arte jarraitu zuen Zaldibian euskarazko hezkuntza ematen. Aurretik, eskola publikoarekin elkarla-nean, herrian ikastetxe bakarra eta euskalduna bateratzeko prozesua hasia zegoen. Lardizabal herri eskola izan zen emaitza.
Hain justu, Lardizabal ondoko aparkalekuan, mendi aldeko horman margotu du Galarragak Iztueta ikastolaren presentzia, azken asteotan. Bere garaian, Iztueta ikastolan lokal, behebarru eta ganbara askotan banatuta eman zituzten eskolak.













