Bost Herriarteko III. Ibilaldia egingo da larunbatean Segurako Kirol Elkarteko mendizaleek, Idiazabal Kirol Elkarteak, Zegamako Amezti mendi elkarteak, Zeraingo Liztormendi elkarteak eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteak antolatuta. Antolatzailee...
Bost Herriarteko III. Ibilaldia egingo da larunbatean Segurako Kirol Elkarteko mendizaleek, Idiazabal Kirol Elkarteak, Zegamako Amezti mendi elkarteak, Zeraingo Liztormendi elkarteak eta Mutiloako Txerri Gorri kultur elkarteak antolatuta. Antolatzaileen esanetan, aurtengo ibilaldiaren ardatza Mutiloa aldean egon ziren meategiak eta horien inguruan antolatu zen ustiatze lana ezagutzea izango da.
Mutiloako plazatik 08:30ean abiatuta, 13,5 kilometroko ibilbidea osatuko dute ibiltariek. Liernira igoko dira lehenengo, eta han garai batean Zeraingo eta Mutiloako mea Ormaiztegiko tren geltoki ingurura eramateko ebaki zen trenbideari jarraituz, ibilbideko zatirik errazena hasiko da.
Ondoren, Barrenola ingurura iritsita, eguneko igoera nagusia hasiko da; Urteaga eta Kortzu ingurutik igaro, Aztiria aldera igo eta handik Aizpuruko haitzeko tontorrera (712 metro) igoko dira.
Bukaera goitik behera izango da, Aztiriko bide ondoan dagoen Mañastegira lehenengo eta Troi errekan barrena, Barrenolara gero. Azkenik, Lekarango errota ondotik joanda, Mutiloan bukatuko da ibilaldia.
Behin Mutiloara iritsitakoan, Mutiloako herriak erosi duen Errotatxo eraikinera bisita egingo dute.
Bazkaria Txerri Gorrin
Egunarekin amaitzeko, eta indarrak hartzeko, Txerri Gorri elkartean bazkaria egingo dute.