Pasa den denboraldian Alcobendasen aurkako partidako une bat. Argazkia: Ainhoa Muriel
Ampo Ordiziak denboraldi berriari ekingo dio igandean 12:00etan Altamiran eta Sanitas Alcobendas indartsua izango du aurrean. Klubak aurpegi berriekin hasiko du denboraldia eta zalegoari ahal duten hoberena eskaintzeko zelairatuko dira. Aurreko urtean hasitako proiektuari jarraipena ematea eta Pllay-offetan sartzea izango dira aurtengo erronka nagusiak.
Igandean, lehenengo partida bada ere, garaipena lortzea garrantzitsua izango da, taldeak denboraldiari hasiera polita eman eta konfiantzaz betetzeko. Dena den, ez da erreza izango garaipen batekin hastea, Alcobendas oso talde indartsua baita. Nazioarteko jokalari zerrenda luzea du Tiki Insausti entrenatzaile eta Espainiako selekzioko entrenatzaile ohiak. Denboraldi berrirako, Jaime Nava, Espainiako selekzioaren kapitaina erantsi zaie, Frantziako liga utzita. Partidu perfektua egin beharko du Ampok garaipena eskuratu nahi badu.