Carlos Moran zegamarra Tor des Geants-eko helmugan.
Carlos Moran mendi lasterkari zegamarra gaur goizean iritsi da Tor des Geants ultrako –330 kilometro eta 24.000 metro desnibel positiboa– helmugara. Moranek 118 ordu pasatan (118:50:22) osatu du ibilbidea. Italiako Courmayer herritik 876 korrikalari abiatu ziren igande goizean, 10:00etan, eta zegamarra 104.a izan da helmugan. Aosta bailarako ibilbidean zehar hainbat gora behera izan ditu. Igande gauean, esaterako, botaka hasi eta 10 orduan hala jarraitu zuen. Gero gorputzari buelta eman zion, eta lasterketa amaitzea jarri zuen helburutzat. Lasterketa hori Javi Dominguez gasteiztarrak irabazi du, probaren errekorra jarriz (67:52:15).