Udal gobernuak 2018ko tasak eta zergak izoztea proposatu du
2018ko ordenantza fiskalari lotuta, Beasaingo udal gobernuak tasa eta zerga guztiak izoztea proposatu du. Udal gobernuaren esanetan, «Madrilen kupoaren baitan alderdi jeltzaleak egindako kudeaketak tokikotasunean eragina izan du eta udalaren presio fiskala baretu da, aurreikusitako dirurik –462.623 euro– ez da itzuli beharko».
Honela, ondasun higiezinen zergak, jarduera ekonomikoen zergak eta eraikuntza, obren eta instalakuntzen zergek ez dute igoerarik izango 2018an. Era berean, «urak, zaborrak edo lurzoruaren okupazioagatik ordaintzen diren tasak ere ez dute aldaketarik jasango».
Udal gobernuak jakinarazi duenez, erabakia oposizioari jakinarazi dio eta «honen ekarpenak edo proposamenak jaso ostean, 2018ko ordenantza fiskalak onartuak izango dira».