Euskaltegiaren zerbitzuan eta komunikazioan aurrerapausoa eman nahi dute. Urriaren 2an hasiko du ikasturte berria.
Mari Paz Martin eta Aitor Aldasoro.
Ikasturte berriarekin batera, webgune berria martxan jarri du Beasaingo Udal Euskaltegiak. Udalaren
webguneko atal batean egongo da txertatuta, baina Aitor Aldasoro alkateak eta hizkuntza politika saileko buruak aurkezpenean adierazi duenez, bere egitura propioa izango du: «Egungo komunikazio beharrei egokitzeko horrelako ataria ezinbestekoa da jendearengandik gertu egoteko, esku-eskura». Udal Euskaltegiaren berri edonon eta edonoiz izateko aukera izango da. Honela, «herritarrengandik eta batez ere ikasleengandik gertuago» egon nahi du Udal Euskaltegiak webgune berriarekin.
Mari Paz Martin zuzendariaren esanetan, zerbitzuei, maila desberdinei, azterketei eta diru laguntzei buruzko informazioa eskaintzen ditu. Horietaz gain, «zalantzak argitzeko txokoa eta sarrera probak on line egiteko aukera ere baditu». Webguneak hainbat gestio etxetik egiteko aukera ere ematen du; besteak beste aurrematrikula, ziurtagirien eskaera eta erreklamazioak egiteko aukera. Ikaslearen txokoa ere badu, «hor Moodle plataformarekiko lotura eta autoikaskuntzarako sarbidea daude». Sare sozialetan ere lekua izango du Udal Euskaltegiak; webgunean Facebook, Twitter eta You Tuberako sarbidea ere baitu.
Udal Euskaltegian matrikula zabalik dago
Urriaren 2an hasiko du ikasturte berria Udal Euskaltegiak eta matrikulazioa irekita dago . «Ongi etorri euskarara esan nahi diegu euskaltegira eta euskara ikastera animatzen diren herritar guztiei, euskarara hurbilduta eta euskara ikasi eta erabilita etxekotzat hartuak izango dira eta». Zerbitzu ugari eskainiko dituzte. A1, A2 eta B2 mailetako tituluak euskaltegian bertan eskuratu ahal izango dira. Langabetuek doan ikasteko aukera dute. Informazio gehiago webgunean.