Ikastolen aldeko Kilometroak jaialdia egingo dute igandean. Oñatiko ikastolak Urretxu-Zumarragari emango dio lekukoa. Goierriko 4 ikastola ariko dira erronkan
Deiadarra, oihua, txilioa, irrintzia. Oñati aldean erabiltzen den
lekaixo hitzaren sinonimoak dira. Eta hain zuzen ere, hori da Oñatiko Txantxiku Ikastolak antolatu duen Kilometroak jaialdirako aukeratu duten lema:
Lekaixoka. Aurten 50 urte bete ditu Oñatiko ikastolak, eta dena prest dute dagoeneko igandean ospatuko duten ikastolen aldeko festa handia hartzeko.
Igandean 1.600 boluntario ariko dira bost kilometroko ibilbidea eta lau gune nagusi izango dituen zirkuitoan. 09:30ean egingo dute irekiera ekitaldia, eta bertan, oñatiarrek Urretxu-Zumarragako Ikastolako kideei emango diete datorren urteko jaialdia antolatzeko lekukoa.
Egunean zehar adin eta gustu guztietako herritarrei zuzendutako ekitaldiak izango dira. Kontzertuei dagokionean, Willis Drummond, Huntza, Liher, Anje Duhalde, Egurra eta Kitto! eta Sharon Stoner taldeak ariko dira, besteak beste. Umeentzako jolasak, dantza eta herri kirol saioak eta otorduak ere ez dira faltako. Artzain Txakur Txapelketa eta artisau azoka ere egingo dituzte.
Goierritarrak erronkan
Kilometroekin batera, Ikastolen arteko Erronka kirol proba jokatzen dute. Aurten Gipuzkoatik etorritako 20 talde ariko dira bertan. Tartean, baita goierritarrak ere. Urretxu-Zumarraga Ikastolak, Lazkaoko San Benitok, Ordiziako Jakintzak eta Legazpiko Haztegi ikastolak parte hartuko dute. Goizeko 09:30ean elkartu eta lau taldetan banatuta, kanporaketak egingo dituzte aurrena, eta 14:30ean, finala. Taldeen argazkiak eta egindako aurkezpen bideoak
erronka.eus webgunean daude ikusgai.
Udana itxita eta garraio publikoa erabiltzeko deia
Kilometroak jaialdia dela eta, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek, Udanako portua itxi egingo baitute autoentzat. Udanatik behera etorrita, «herrian aparkatzeko leku aproposik ez» dagoelako eta zirkuituan sartu beharko luketelako hartu dute neurri hori. Beraz, autoz joatekotan Bergara aldetik joan beharko da. Han, ibilgailuentzako eta autobusentzako zortzi aparkaleku izango dituzte prest.
Lurraldebusek zerbitzu berezia eskainiko du Bergara eta Arrasatetik. Bestalde, Goierriko hainbat herritatik autobusak antolatu dituzte igandean Kilometroetara joateko.
Ikastolen arteko erronkan parte hartuko duten Goierriko taldeak:
-
-
Legazpiko Haztegi Ikastola
-
-
Ordiziako Jakintza ikastola
-
-
Lazkaoko San Benito Ikastola
-
-
Urretxu-Zumarragako Ikastola