36ko gerran fusilatutako eta hildako Eugenio Etxeberria Azurmendi, Gregorio Sarasola Arizkorreta, Zelestino Azurmendi Arrondo, Jose Sanchez Cordero eta Gregorio Arizkorreta Gorospe izan dituzte gogoan.
Zegamako hilerrian
Ahaztuen oroimenean ekitaldia egin dute gaur eguerdian, 36ko gerran fusilatutako eta hildako Eugenio Etxeberria Azurmendi, Gregorio Sarasola Arizkorreta, Zelestino Azurmendi Arrondo, Jose Sanchez Cordero eta Gregorio Arizkorreta Gorosperen oroimenez.
Senideek eta herritar talde batek honela, Zegamako Udalak jarria duen Oroimenaren Txokoa eskulturaren ondoan, bost herritarren argazkiak zituen oroigarri berria jarri dute biktima guztientzat eskubide berdinak aldarrikatuz. Ondorengo eskaria irakur daiteke bertan: “Oraindik, 81 urte geroago, Zegamako Udalaren aldetik ez daude errekonozituak biktima bezala. Oroimen ekitaldi honen bidez ere, bost hauentzat ez ezik, konpondu gabe dugun arazo politikoaren eraginez sortutako biktima guztientzat eskatzen dugu errokonozimendua, egia, justizia eta erreperazioa”.
Aratz Igartzabalen bertsoak, dantzarien agurra, kantuak, Angel Irigorasen hitzaldia izan dituzte ekitaldian. Amaieran, larrosak jarri dituzte bertaratu direnek, eskulturaren ondoko lorontzian.
Bost omenduak
- Eugenio Etxeberria Ikaitz Goena baserrian jaioa zen eta 1936ko irailaren 22an Tolosan fusilatu zuten.
- Gregorio Sarasola, Galzadamakur etxean jaioa, 1936ko irailaren 23an Ormaiztegin fusilatu zuten.
- Zelestino Azurmendi, Otsaurteko mikelete maisua, 1936ko irailaren 23an Aizpurutxun fusilatua.
- Jose Sanchez Cordero, 1994ko urriaren 25ean, Aratzen tirokatuta hildako makia.
- Gregorio Arizkorreta, Gosategi barrenan jaioa, Otxandioko (Bizkaia) frentean 1937ko apirilaren 4an hildakoa.
Angel Irigorasen liburuaren aurkezpena
Oroimen ekitaldiaren aurretik, Andueza etxean, Herri zapalkuntzaren lekuko batzuk (II). Indarkeria politikoaren eragina zegamarrongan 1936-2016 liburua aurkeztu du Angel Irigoras zegamarrak.