Azken asteetan hainbat abisu jaso dituztela diote Legazpiko udal gobernutik. Arratoiena «izurritea» bilakatu ez dadin legazpiarrei zenbait neurri hartzeko eskatu diete
Legazpiko Udaletik jakitera eman dutenez, azken asteetan arratoiak bistaratu dituztenen hainbat abisu jaso dituzte. Auzoetan ohi baino arratoi gehiago ikusi dituztela-eta udal gobernuak legazpiarrei zenabit neurri hartu ditzaten eskatu die, arratoiena «izurritea» bilakatu ez dadin.
Neurriak sei dira. Etxeko janarien hondakinak etxebizitzatik kanpo ez uztea eskatu dute, bereziki gauetan. Etxeko animaliei etxebizitzatik kanpo janaria ematekotan, lehorra izan dadila diote. Janari-ontziak kentzeko eskaera ere egin dute udaletik eta janarien poltsak etxetik kanpo ez uztea. Bide publikoan edozein motatako janari-hondakinik ez uztea eskatu dute eta etxetik hurbil arratoiak daudela ikusiz gero, Herritarrentzako Arreta Zerbitzura joateko eskaera ere egin diete legazpiarrei.
Fernando Agirre udaltzainburuak arratoiak, gehienbat, garaien arabera ugaltzen direla dio, «ur-estolderietan emaria handia bada arratoiak kanpora ateratzen dira». Neurri guztien artean, Agirrek udaletxeko arreta bulegoan abisua emateari eman dio garrantzi gehien. Izan ere, udalak enpresa bat kontratatuta dauka halako egoerak kontrolatzeko. Enpresa horrek esku-hartze bereziak egiten ditu, nahiz eta ohikoena pozoiarekin arratoiak akabatzea den.