Hamlet, Cobra eta Sei Urte Ordiziarrock jaialdian
Urriaren 19tik 21era egingo dute Ordiziarrock musika jaialdia. Oraindik kartela erabat itxi gabe badago ere, antolatzaileek aurreratu dituzte jaialdian parte hartuko duten talde askoren izenak. Horien artean Hamlet talde beteranoa izango da kartel burua. Taldearen hazia 1987. urtean jarri bazuten ere, 1991. urtean kaleratu zuten aurreneko grabazioa, Hamlet izenarekin. Harrezkero, bosteko madrildarrak 16 disko kaleratu ditu, azkena La Ira, 2015ekoa.
Baita Cobra, Sei urte, The Music Collectors, Rodeo eta Sofa ere. Jaialdiaren barruan, Gau Morea egingo dute, emakumezko musikariek osatutako taldeekin; Batzuri Punk, Holly Noons eta Thursday’s Pussy Dogs izango dira protagonista. Urteroko jazz kontzertua ere ez da faltako, aurten, Dani Pozo 4tet laukoarekin.
Skate lehiaketa
Ordiziarrock jaialdiaren aurreneko urteetan, Skate erakustaldiak egiten hasi ziren. Hainbat urtez utzita egon eta gero, berreskuratu egingo dute ekitaldia aurtengo jaialdirako. Frontoi inguruan izan beharrean, ordea, skate parkean egingo dute. Erakustaldiaz gain, zuzeneko musika eta jatekoa ere izango da bertan.