Igandean egingo dute Aizkorrin Barrena mendi martxa
Izadi Zaleak mendizale taldeak antolatzen duen Aizkorrin Barrena mendi martxa igandean izango da. Aurten 10. edizioa beteko du mendi martxak, eta urteurren hori ospatzeko, hainbat aldaketa egin dituzte antolatzaileek. Lehen aldiz, Brinkolatik Legazpiko hiriguneraino etorriko da martxa, “baina ingurune ezezagunetatik” antolatzaileek aurreratu dutenez.
Probak bi ibilbide izango ditu, Ttipi-Ttapa (16 km) eta Zanpa Zanpa (30 km). Ibilbide luzekoak 08:15ean abiatuko dira Brinkolatik, eta ibilbide motzekoak 09:15ean. Bidean zehar, bi kontrol gune eta hainbat anoa eta ur postu izango dira. Ibilbideen inguruko informazio gehiago Izadi Zaleak taldearen webgunean aurki daiteke.
Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute. Tren zerbitzuaz gain, Junetorri autobusa ere izango da, Brinkolatik Legazpiko herrigunera itzultzeko.
Izen-ematea zabalik dago. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako Kiroldegietan, Urbeltz tabernan, Legazpiko Gaztetxean, Armuño elkartean (Brinkola) eta Izadi Zaleak elkartearen egoitzan eman beharko da, ostirala baino lehen. Intrernet bidez ere apuntatu ahal izango da, asteazkeneko gauerdia baino lehen. Aurrez izena emanda 10 euro kostako da, egun berberean 12.
Aldaketa ugari
Aurtengo edizioaren aldaketa nagusia, datarena izan da. Egunez aldatzea erabaki dute aurten, Oñatiko Kilometroak jaialdiarekin bat egin ez zezan. Ez da aldaketa bakarra izango; aurten, argazki lehiaketaren ordez, Mikel Oskoz Galdera Lehiaketa egingo dute. Lehen ere egiten zen lehiaketa hori, eta aurten berreskuratu egingo dute. Irteeran, galderekin papertxo bat hartu beharko da, eta martxa bukatutakoan, kutxa batean utzi. Galderak ondo erantzun dituztenen artean zozketa egingo dute.