Ile apaintzea, ikuskizun
Harkaitz Barreros ile apaintzaile urretxuarrak guraize eta orraziarekin artea egiten du eta gainontzeko diziplinetako artistekin lan egitea gustatzen zaio. Liburutegian Interesgunea ekimenean parte hartzea eskaini zioten eta, hitzaldi arrunt bat
Harkaitz Barreros ile apaintzaile urretxuarrak guraize eta orraziarekin artea egiten du eta gainontzeko diziplinetako artistekin lan egitea gustatzen zaio. Liburutegian Interesgunea ekimenean parte hartzea eskaini zioten eta, hitzaldi arrunt bat eman beharrean, ikuskizun bat egingo du. Gaur izango da, 19:00etan.
Barreros duela 23 urte hasi zen ile apainketa munduan eta duela 20 bere ile apaindegia ireki zuen. 2004an lehenengo bilduma egin zuen eta ile apaintzerako produktuak egiten dituzten enpresek oso ondo hartu zuten. Egun, ikastaroak ematen ditu Europa osoan zehar, bere bildumak pasarela garrantzitsuenetan aurkezten ditu eta HMotion ile-apaindegira Urretxuko Hego Euskal Herria osoko jendea etortzen da.
Ez du Urretxu uzteko asmorik, urretxuar petotzat du bere burua, eta ilusio handia egin dio liburutegian Interesgunea ekimenean parte hartzeko gonbitea jasotzeak. «Hemendik kanpo hitzaldi asko eman ditut eta herrikoen deia jasotzeak ilusio handia egin dit. Gainera, gure lanbidea duindu nahi dut. Garai batean zer ikasi ez zekiten nesken lanbidea zen, baina egun Madrilgo Complutense unibertsitatean masterrak ematen dituzte».
Ikuskizuna
Barreros artista bat da eta gainontzeko diziplinetako artistekin lan egitea gustatzen zaio. Hala, gaurko ekitaldian beste artista batzuek ere parte hartuko dute. Ez da hitzaldi bat izango, ikuskizun bat baizik.
Yoseba Manteconek emango die ongi etorria entzuleei: musika jarriko du. Hitzaldia hasi aurretik, Harkaitzek eta bere laguntzaileek Maria Unamuno modeloa nola apaintzen duten ikusteko aukera edukiko dute. Barrerosek Joana Cuñado eta Irati Urrate ile apaintzaileekin, Santi Barreros estilistarekin eta Lur Martinez makillatzailearekin lan egiten du.
Unamuno apaintzen dute-nean, hitzaldia hasiko da. Barrerosek aparteko hitz jarioa du eta Inma Zabaleta kazetari legazpiarrak bideratuko du solasaldia. Bitartean, beraien atzean egongo den pantailan, Madrilgo Cibeles pasarelako eta Iñigo Sbeltzak Barrerosen H-Motion ile apaindegiari buruz egindako bideoak ikusi ahal izango dira. Gainera, Josu Marotok marrazkiak egingo ditu. Amaieran, Manteconek berriro musika jarriko du eta pintxo batzuk jateko aukera egongo da.
Barrerosen ile apaindegiak 20 urte bete behar ditu urriaren 1ean eta urteurrena ospatzeko asmoa du. Kolekzio berria beste ile-apaintzaile ezagun batzuekin batera egingo du. «Musikariek urteurren kontzertu edo diskoetan egiten duten bezala, nire lagunak gonbidatu ditut», azaldu du urretxuarrak.
Horretaz gain, master class-ak (beste ile apaintzaile batzuei ikastaroak) ematen jarraituko du. «Bilbon, Valentzian, Bartzelonan, Madrilen… master class-ak eman behar ditut. Gainera, Color Trophy mundu mailako lehiaketan Donostiako ile apaintzaile gazte baten laguntzailea naiz. Landry Agres du izena eta finalera sailkatu da».