Gipuzkoako Foru Aldundiak pinu-zomorroaren izurritea aitortu zuen abuztuaren 11n, eta aste honetan burutuko ditu beldar ugaritasun horri aurre egiteko ekinbideak. Aire bidez botika zabalduko dute hainbat tokitan, onura publikotzat izendatuta.Pinu-zomor...
Pinudien inguruan ateratzen diren ehunzango motakoak dira pinu-zomorroak // G.Aranburu
Gipuzkoako Foru Aldundiak pinu-zomorroaren izurritea aitortu zuen abuztuaren 11n, eta aste honetan burutuko ditu beldar ugaritasun horri aurre egiteko ekinbideak. Aire bidez botika zabalduko dute hainbat tokitan, onura publikotzat izendatuta.
Pinu-zomorroak (
Thaumetopoea pityiocampa Schiff) kalteak eragiten ditu pinudietan, zuhaitzak ahulduz. Pertsonei eta animaliei ere urtikaria eta alergia sor diezaiekete, ukituz gero.
Gipuzkoako 38 udalerritan, guztira 1.354 hektarea tratatuko ditu aldundiak,
bacillus thuringiensis produktua barreiatuta. Helikopterotik edo hegazkinetik botako dute. Nekazaritza ekologikoan «erabilia» da produktu hori, aldundiak dioenez.
Hiru eguneko lana
Goierriko hamabost herritan egingo dituzte fumigazioak, airetik: Altzaga, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Mutiloa, Olaberria, Segura, Urretxu, Zegama, Zerain eta Zumarragan.
Pinu-zomorroak hartutako «basoetan bakarrik» egingo dute tratamendua, «herri gainetan eta ur biltegietan ez, eta 100 metroko segurtasun tartea utziko da gainera horietatik».
Eguraldiak baimentzen badu, aste honetan bukatu nahi du aldundiak fumigazioa. Hiru egun beharko dituztela aurreikusi dute. Produktu fitosanitarioak eskuratzeko, 62.454 euro (BEZa barne) bideratu ditu aldundiak