Mikel Aiestaran kazetariak Manu Leginetxe Katedra saria jaso du
Mikel Aiestaran kazetari beasaindarrak Manu Leginetxe Katedra nazioarteko saria irabazi du. Epaimahaiak bere ibilbide profesionalean mantendu dituen “independentzia, zorroztasuna, egiaren aurrean agertutako errespetua eta adierazpen askatasunaren defentsa” nabarmendu ditu. Hamar urtez gerra kazetari lanetan ibili da Aiestaran, eta ekialde hurbileko gatazka politikoen berri ere eman du. Bere erreportajeen “literatur izaera” eta bere istorioetako pertsonaiek bizi dituzten baldintza gogorren aurrean agertu duen “sentsibilitate aparta” ere azpimarratu ditu epaimahaiak.
Manu Leginetxe Katedra, Guadalajarako Diputazioak, Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioak, Alcalako Unibertsitateak eta Brihuegako Udalak ematen duten saria da. Aiestaranek 8.000 euroko dirusaria jasoko du, eta gainera, Alcalako Unibertsitateko ohorezko irakasle izendatuko dute.