Beasaingo Ikastolan Kataluniako prozesuaren alde gaur egin duten elkarretaratzea.
Gure Esku Dago egitasmoa Kataluniako prozesuaren aldeko ekitaldi ugari egiten ari da azken egun eta asteetan. Bihar Bilboko kaleak bete nahi dituzte, “inoizko babesik zabalenarekin” antolatutako manifestazio batekin. Izan ere, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, Geroa Bai, EH Bai, ELA, LAB, EGI, Ernai, Gazte Abertzaileak, Alternatiba Gazteak, Euskal Gazte Moreak, Independentistak eta ANC-EH taldeek eman diote babesa deialdiari.
Biharko deialdiaz gainera, igandean bertan ere elkartasuna adierazi nahi diete kataluniarrei. Hori dela eta, eskualde mailako manifestazioa deitu dute. Beasaingo Bideluze plazatik abiatuko da, igandean, 13:00etan. “Herritarrok kaleak betetzeko unea” dela uste du Gure Esku Dagok.