Euskal errepublikaren bidean ze pauso eman eztabaidatzen ari dira Igartzan
Erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herri mailan egindako manifestazio eta ekitaldien ondoren, hurrengo pausoak zein izan behar duen erabakitzeko gogoeta egiten hasi da herritar talde bat. Ta oain ze? lemapean, euskal errepublikaren bidean eman beharreko pausoak aztertu nahi dituzte. Gaur goizean 30 bat lagun bildu dira Beasaingo Igartza jauregian, eta hiru orduko saioan eta lan taldetan banatuta, proposamenak jaso eta etorkizunerako ekinbideen inguruko ideiak jasoko dituzte.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduan bezala, aurrera begirakoetan ere Goierrik “motorra” izan behar duela uste dute egitasmoaren antolatzaileek. Duela bi aste Beasainen egindako agerraldian azaldu zutenez, egun euskal gizartea bidegurutze baten aurrean dagoela azaldu zuten: «Euskal herritarron nahiz goierritarron nahietatik eta beharretatik urrun, herri honen garapenerako traba hutsa diren estatu antidemokratiko eta dekadente hauekiko dependienteak izaten jarraitu edo orain eta etorkizun duin bat eraikitzeko trena hartu».
Bidegurutze horren aurrean, eta ‘ta oain ze?’ galderari erantzunez, «helmuga euskal errepublika» dela diote, eta horra iristeko «goierritarron nahi eta beharretatik abiatuta, geltokitik geltokira, bidaia egitea» falta dela. Kataluniako adibidea hartuta, «kataluniarrak frogatzen ari diren bezala, urte gutxian helmugara heltzeko aukera errealak» daudela uste dute. «Inoren zain egon gabe, anbizioz, elkarlanean eta ilusioz, horretara goaz Goierritik».