Urretxu Zumarraga Ikastola 50. urtemugako egun handia ospatzen ari da
Urretxu Zumarraga Ikastola 50. urtemugako ekitaldiak egiten ari da urte osoan zehar, baina gaurkoa dute ospakizun nagusia. Hamaiketan hasita, ekitaldia egin dute pasiotarren elizan. Bertan, ikastolako langile, guraso eta ikasleek
Urretxu Zumarraga Ikastola 50. urtemugako ekitaldiak egiten ari da urte osoan zehar, baina gaurkoa dute ospakizun nagusia. Hamaiketan hasita, ekitaldia egin dute pasiotarren elizan. Bertan, ikastolako langile, guraso eta ikasleek parte hartu dute, eta eliza goraino bete da jendez. Ikastolaren zuzendari izandakoek 50 urteko errepasoa egin dute. Musika ere ez da falta izan, eta Ikastolako abesbatzak eta hainbat ikasle musikarik parte hartu dute. Ekitaldia bukatzeko, Gorka Hemrosa akordeoi jotzaileak ere saioa egin du.
Ikastolaren urrezko ezteiak “azkenera heltzen” ari direla gogorarazi dute aurkezleek, ekitaldien hasieran. Duela 50 urte “ezinezkoa zirudiena, elkarlanaren bidetik” lortu dutela azpimarratu dute.
Iñaki Akizuk, ikastolaren sorrerako lehen urteak eta pasiotarren babesean egindako lehen pausoak izan ditu gogoan. Euskarari eta pluraltasunari emandako garrantzia azpimarratu ditu. Haren atzetik, Iñaki Etxezarretak eta Juani Zabaletak hartu dute hitza. 80ko hamarkadan, gizarteak izandako aldaketetara egokitzeko beharra ikusi zuten, eta zein aldaketa egin ziren azaldu dute. “Beste garai baten eta beste giro baten ordezkari” zirela azaldu du Etxezarretak, eta aldaketa bat eman zutela urte haietan; “aldaketa bat, jauzi bat izan zen, praileen ikastola izatetik gurasoen ta ikasleen ikastola izatera”. Garai hartan gurasoek egindako lana eta erakutsitako konpromisoa ere goraipatu ditu. Zabaletak berriz, bera hasi zen garaian “euskaraz ezer ez” zegoela eta ikas-materiala beraiek sortzen zutela azaldu du. “Genuenarekin moldatzen ginen, baina pixkanaka ikusi genuen horrek aldatu egin behar zuela eta zerbait gehiago behar zela”. Geroztik ikastolak izan dituen aldaketak eta zabalkunde handia ere aipatu dituzte.
Gaurko ekitaldiek ordubietan egingo duten bazkariarekin jarraituko dute. Egungo ikasle eta irakasleez gain, ikasle eta irakasle ohiek ere parte hartuko dute, eta 1.200 lagun inguru espero dituzte.