El Salvadorren arkako partidaren une bat. Argazkia: Ainhoa Muriel
Ampo Ordiziako mutilek ezin izan zuten Silverstorm El Salvador taldearen aurka, ligako hirugarren norgehiagokan, atzo Altamiran. 34 eta 39 amaitu zen partida, El Salvadorren alde.
Partida hasita, lehenengo 20 minutuetan, Valladolidekoak izan ziren nagusi eta markagailuan aurretik jarri ziren. Tarte horretan hiru entsegu egitea lortu zuten bisitariek, egiten ari ziren joko onaren seinale. Dena den etxekoek sendo jarraitu zuten, baita bi entsegu lortu ere 23. eta 27. minutuetan. Horri esker, markagailuan gerturatzea lortu zuten Ordiziakoek. Baina une horretan Valladolidekoek beste bi entsegu burutu zituzten eta 17-39 markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, indarberrituta atera ziren Ampokoak eta nagusi izan ziren. Hirugarren entsegu bat egitea lortu zuten eta horrek El Salvadorrekoak soken aurka jarri zituen. Valladolidekoek, etxekoen indarraren aurrean defendatu baino ezin izan zuten egin, Ordiziako aurrelariek erasotzen jarraitzen baitzuten. 59. minutuan, Valentin Cruzen zigor kolpeak 34 eta 39n jarri zuen markagailua.
Garaipena eskuratzea lortu ez bazuten ere, etxeko zaleen aurrean emandakon itxura oso ona izan zen.
Hurrengo astebukaeran beste aurkari handi bat izango du Ampok, Santboiana hain zuzen. Oso partida garrantzitsua da, emaitzak Errege Kopako final erdietara pasea lortzeko puntuagarria baita.