CAFek hainbat proiektu garatu ditu AEBtan. Irudian, Houstonerako egindako tranbia. // Argazkia: CAF
CAF tren konpainiak beste kontratu garrantzitsu bat lortu du AEBtan. Seattle hirirako 10 tranbia egingo ditu, 50 milioi dolarren truke. Tranbia bakoitza Urbos plataformakoa izango da, 3 modulokoa da eta %100 solairu baxukoa. Seattle-eko Garraio Departamentuarekin (SDOT) sinatutako akordioak, ordezko piezen, tresna berezien eta probetako ekipoen hornidura ere jasotzen du; baita kontratuak irauten duen artean beste 10 ibilgailu erosteko aukera ere.
CAFek Estatu Batuetako Elmira herrian duen lantegian egingo dituzte tren horiek. Lantegi horrek, AEBtan kontratu garrantzitsu ugari lortu ditu azken urteetan. Horietako batzuk dira Washingtoneko metro unitateak, Sacramento eta Pittsburgh hirietako tren arinak, edota Houstoneko metrorako eta Cincinnati eta Kansas City hirietako tranbiak.