Boluntarioen lanari gorazarre
Ez dago zinera joan beharrik heroiak ikusteko. Gure ondoan daude, nahiz eta askotan ikusten ez ditugun. Boluntarioak dira. Gure gizarteko heroiak. Egon daitezkeen heroirik handienak: beraien denbora besteei ematen diete,
Ez dago zinera joan beharrik heroiak ikusteko. Gure ondoan daude, nahiz eta askotan ikusten ez ditugun. Boluntarioak dira. Gure gizarteko heroiak. Egon daitezkeen heroirik handienak: beraien denbora besteei ematen diete, besteei laguntzen diete, musu truk eta pelikuletako heroien superbotererik gabe. Larunbat honetan beraien lanaren berri emango dute, zein beharrezkoak diren ikus dadin eta gainontzeko bizilagunak ere gizartearen alde lan egitera anima daitezen. Ekitaldia Zelai Arizti parkean izango da.
Boluntarioen Astea egitasmoa Zumarragako Udalak antolatu du eta atzo aurkeztu zuten. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Nagusilaneko Jose Tornerrek, Gurutze Gorriko Maite Ruizek eta Sareginezeko Leire Sanzolek parte hartu zuten.
Parte hartzaileak
Larunbat honetako azokan Atzegi, Aspace, AECC, Bizi Bide, Caritas, Gurutze Gorria, DYA Gipuzkoa, Gautena, Intered, Jatorkin, Kaebnai Europe Direct, Nagusilan eta Gizalde elkarteek parte hartuko dute.
11:00etatik 14:00etara beraien lanaren berri emango dute eta Bihotz solidarioak dokumentala ikusteko aukera egongo da. Dokumental honetan Zumarragako hainbat elkartetako kideek beraien esperientziaren berri eman dute. Ikus-entzunezko hau Gizarte Zerbitzuek ekoiztu dute. Gainera, jolasak eta tailerrak egongo dira eta 12:00etan boluntario batek kontzertua emango du.
Bestalde, Zumarragako kultur etxeko sarreran boluntarioen lanari buruzko argazki erakusketa bat jarri dute. Argazkiak hilaren 16ra arte egongo dira bertan.
Horretaz guztiaz gain, bi hitzaldi antolatu dituzte. Biak Zelai Arizti kultur etxean izango dira. Gaur, 17:30ean, Nagusilan elkartekoek beraien lanaren berri emango dute. Hilaren 10ean, 19:00etan, Igor Ahedo eta Fernando Fantovak krisi garai honetan gizarteak boluntariotzan duen paperari buruzko solasaldia gidatuko dute.
Alkateak herritarrak ekitaldi hauetan parte hartzera eta, batez ere, elkarteetan lan egitera animatu zituen.