Bikuña kiroldegiko leihatilan etzi bertan saltzeko sarrera gutxi batzuk gorde dituzte. Legazpi Musika Bandaren 150. urtemugaren ospakizunen barruko kontzertua da
Legazpi Musika Bandaren 150. urteurrenaren ospakizunek goia joko dute etzi. Donostiako Orfeoiarekin batera joko du bandak Bikuña kiroldegian eta aldez aurretik saltzeko zeuden sarrerak agortu dira jada. Bederatziehun sarreratik gora saldu dituzte dagoeneko eta gutxi batzuk gorde dituzte kiroldegiko leihatilan etzi sarrerak eskuratzeko aukera egon dadin.
Garikoitz Mendizabal txistulariarekin batera egindako kontzertua, Araiako musika bandaren kontzertua Legazpin, Edelwaiss banda alemanarena eta Euskalbrass taldeak egindako kontzertua ere, ekintza horiek guztiak urtemugaren harira antolatutakoak izan dira. Bandako kideak Austriara joan dira udan eta Salzburgon Legazpiko ereserkia jo dute. Lekeitioko (Bizkaia) bandak ere 150 urte bete ditu aurten eta musikari legazpiarrak han izan ziren kontzertu bat egiten.
Orain Donostiako Orfeoiarekin elkar hartzeko unea iritsi da. Izan ere, Jesus Castillejo Legazpiko bandako zuzendariak adierazi duenez, «duela bi urte beraiekin harremanetan jarri ginen Legazpin gurekin batera kontzertua egin zezaten. Ezinezkoa egin zitzaien eta aurten urtemuga dela-eta animatu egin dira». Castillejok Orfeoian hainbat legazpiarrek kantatzen dutela gogoratu du. «Gu oso eskertuta gaude Legazpira etortzeko prest agertu direlako». Areago, etziko kontzertuan Orfeoiaren zuzendariak zuzenduko du Legazpiko Musika Banda Castillejorekin batera, «Jose Antonio Sainz Alfarok hala bahi izan du eta guk pozarren hartu dugu».
Sorpresa ugari
Castillejok ez du kontzertuko errepertorioaren berri asko eman nahi, «sorpresaz beteta egongo da». Hasieran bandak bakarrik joko du eta Sustraiak taldeko dantzariak batuko zaizkio. «Dantzariekin Legazpiko ezpata dantza egingo dugu. Moldaketa txiki batzuk egin dizkiogu. Inoiz ez da halakorik egin».
Ondoren Orfeoia sartu eta bospasei abesti kantatuko ditu, tartean, Carl Offen
Carmina Burana-ren zazpi zenbaki, Giuseppe Verdiren
Nabucco eta Mikel Laboaren
Baga Biga. Laboaren piezan Korosti taldekoek dantza egingo dute.
Castillejok bandako musikari guztiak egiten ari diren lanari azpimarra egin dio: «Egunero-egunero ari dira ikasten eta kontzertua prestatzen. Adibidez, kide bat udaleku batzuetara joan da begirale gisa eta tronpeta eraman du entseguak egiteko».
Orfeoiarekin egingo duen kontzertua ez da urteurrenak hartuko duen azken ekintza. Santa Zezilia bueltan azaroak 25 bandatik pasa diren musikariekin kalejira egin nahi dute eta ondoren guztiak bazkari batera bildu nahi dituzte.