Musikalak, bakarrizketak eta eragileen ekitaldi ugari Lazkaoko udazken agendan
Urrirako eta azarorako egitarau luzea atondu dute eragile ugarirekin batera. Pinotxori buruzko musikala da berritasuna aurten. Alex Rabanal lazkaotarrak umore saioa egingo du
Ohiko ekitaldiei eta jarduerei bereziak erantsita, kultura egitarau luzea atondu dute Lazkaon, urrirako eta azarorako. Udalak sustatuta, eta eragile ugarik hornituta, kantaldiak, musikala, antzerkia eta umorezko bakarrizketak izango dira.
Lazkao Txiki Musika Eskolaren zuzendari izandako Aitor Biainek zuzendutako Pinotxo, hariekin lotu gabe musikala da berritasun aipagarri bat, azaroaren 18an. 35 aktorek 80 pertsonaia antzeztuko dituzte; 75 lagunek osatzen dute produkzio erraldoia, «Broadway estilokoa». Pinotxoren ipuinean oinarrituta, «musikal dibertigarria eta polita» da. «Ez da historia tristea, oso fantasiatsua baizik. Argiztapen, musika, txotxongilo eta ikus-entzunezkok ditu», azaldu du Biainek.
Pantxoa eta Briganthia
Ekainean estreinatu zuten, Oñatin, eta 1.500 lagunek ikusi zuten. Urrian Kursaalen egingo dute, abenduan Bilbon eta Iruñean; azaroan, berriz, Lazkaon.
Pantxoa Karrere azkaindarra ere etorriko da, abenduaren 1ean, Euskararen Egunaren bueltan. Briganthia taldeak ere kontzertua joko du, azaroaren 24an. Arerian dira bi saio horiek.
Antzerkian, Txaloren Etxeko saltsak (azaroak 10), eta Jose Campoy eta Juan Aroca umoregileen saio bana izango dira, Alex Rabanal lazkaotarrarekin.
Azaroaren 25eko Emakumeekiko Indarkeriaren Aurkako eguna bereziki landuko da, Zapata gorriak kanpaina, bilkurak eta ikasleekin lanketa burututa.
Arerian bihar hasiko da zinema denboraldia Udazkenetik udaberrira bitartean luzatzen den asteburuetako zinema-emanaldien sasoia hastera doa, Lazkaon. Arerian antzokian bihar da lehenengo filma. Ekainera arte da garaia. Iazko emankizun ordutegi bera izango du Areriak. Larrientzat filma larunbat (19:30 eta 22:15), igande (19:30) eta astelehenetan (21:30, ikuslearen eguna) izango da. Haurrena, berriz, larunbat (17:00) eta igande (16:30) arratsetan. Asteburu honetan, umeek ‘Capitan calzoncillos’ dute; helduek, ‘Churchill’.













