Bertako arkumea bereizteko zigilua sortu du Larsabi elkarteak
Euskal baserrietan naturalki eta modu tradizionalean hazitako latxa arkumearen kanpaina azaroan hasiko da. Ekoizleek bi berritasun garrantzitsu aurkeztu dituzte, gaur, Zaldibiako Goizanen. Batetik, Larsabi elkartea sortu dute, lehenago Gipuzkoa mailan lan egiten zuen Garsabiko kideek. Hego Euskal Herrira zabalduko dute bilketa eta merkaturatze bateratuaren zerbitzua.
Latxa ardia dagoen eremu osoko —Hegoaldeko lau herrialdeetan— artzainak batu ahal izango dira Larsabira. Astelehenean (urriak 16), bi batzar ireki egingo dituzte, elkartearen helburuak, erronkak eta funtzionamendua azaltzeko: Aguraingo udaletxean (11:00) Araba, Bizkai eta Nafarroako Sakanako artzainentzat; eta Zaldibiako Goizane egoitzan (15:00), Gipuzkoako eta Nafarroako artzainentzat.
Bestetik, bertako arkumea dendetan bereiziko duen ikurra sortu dute. Latxa arkumea esapidea du, artzain-makila batekin eta arkume buru batekin hornituta. Amaren esnearekin soilik hazitako arkumea dela adieraziko du, zuzenean baserritik merkaturatua. Larsabiren arabera, bertako arkume ekoizpenaren %90 Euskal Herritik kanpora joaten da gaur egun; euskal merkatura, berriz, kanpotik “era intentsiboan, amaren esnerik gabe, esne artifizialarekin eta zebaderoetan” hazitako produktua sartzen da. Iaz “inoizko kopuru handiena” iritsi zen, eta “kaosa” eragin zuen sektorean.