Dena prest 'Hur Xenda' ikuskizunerako
Muskildiko (Zuberoa) herritarrek Hur Xenda ikuskizuna egingo dute gaur, 21:00etan, Idiazabalgo Zelaa kiroldegian. Muskildiarrak gaur eguerdian heldu dira Idiazabalera eta bazkalostean entseatu egin dute.
Duela bi urte sortutako herri ikuskizuna da Hur Xenda. Herritar eta herriko kultur taldeen parte-hartzearekin, dantza eta kantu ikuskizun berri bat sortu zuten, herritarren arteko harremanak sendotu eta herri kohesioa nahiz eta kultur sorkuntza bultzatzeko. Bikote baten sentimenduak, harremanak eta buruhausteak dira ikuskizunaren haria.
Desagertzear zeuden kantu zaharrak berreskuratu eta dantza koreografia berriak sortu zituzten Hur Xenda ikuskizunerako. 7 eta 77 urte arteko 90 bat herritarrek parte hartu zuten bertan. Ekainaren 16 eta 17an egin zuten ikuskizuna Muskildiko paraje eder batean. Idiazabalgo herriak ere parte hartu zuen saio hartan, bertako txalapartariak, Axari Dantza Taldekoak eta hainbat herritar joan baitziren.
Bi herrien arteko senidetasun harreman horrek gaur du jarraipena, oraingoan Muskildiko herritarrak izan baitira Idiazabalera etorri direnak. Muskildin eta Mauleko Jai Alain urriaren 7an egindako saioen ondoren, Idiazabalgoa izango da muskildiarrek Hego Euskal Herrian egingo duten lehen eta azken saioa.
Hur Xenda ikuskizunerako sarrerak bost euroan jarri dituzte salgai.