Legazpiko Extremadurako elkartearen Kultur Astea hasi da
Legazpiko La Bellota Extremadurako zentroan 21. Kultur Asteari hasiera eman diote. Ana Sanchez elkarteko lehendakariak ongi etorria egin die gonbidatuei. Ondoren, ohorezko ardoa edan dute. 30 lagun baino gehiago elkartu dira.
Hilaren 22a bitartean egunero izango dute ospakizunen bat. Bihar tute txapelketa, astelehenean kuatrola lehiaketa eta asteartean domino txapelketa egingo dituzte. Lehiaketa guztiak 17:00etan hasiko dira.
Asteazkenean, ate irekien eguna izango dute eta zentroan egindako eskulanen erakusketa irekiko dute. Hori guztia, 16:00etatik aurrera.
Ostegunean jubilatuen eguna ospatuko dute eta txokolatea zein erroskillak banatuko dituzte bazkideen artean, 17:00etan hasita. Ostiralean, haurren eguna izango da: askaria banatuko dute eta haur jolasak egongo dira, 17:00etan.
Larunbatean Amanecer Ranchero taldearen emanaldia eta bazkideen afaria izango da, 19:30ean hasita. Bukatzeko, igandean Extremadurako meza egingo dute. 12:00etan izango da, parrokian.