Txapeldunen arteko gazta lehiaketa egingo dute asteazkeneko azokan
Ordizia Txapeldun gazta lehiaketaren 30. edizioa egingo dute asteazkenean, Ordizian. Azken hamar urteetan (2008-2017) Ordiziako Idiazabal Gazta Lehiaketa irabazi duten gaztagileek parte hartuko dute bertan. Ekitaldia asteazkeneroko azokarekin batera egingo dute, 11:00etan hasita.
Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz. Epaimahaian, Jose Joan Castillo buru dutela, sukaldari ezagunak eta jatorri izendapeneko kideak izango dira besteak beste. Aurten, Rosa Rojo Urrup antzerki taldeko zuzendaria ere gonbidatu dute, taldeak 25. urtemuga bete duela eta.
AZKEN 10 URTEETAKO TXAPELDUNAK · 2009. Jesus Ansola Juaristi (Mausitxa baserria-Elgoibar) · 2010. J. Aranburu Elkartea (Idiazabal) · 2008, 2011 eta 2013. Ricardo Remiro Aguirre (Eulate) · 2014. Ondarreko Karmele Murua (Segura) · 2012 eta 2015. Jon Etxebarria (Zeanuri) · 2016. Joseba Insausti (Ordizia) · 2017. Jose Luis Odriozola (Aia).Aurreneko hiru postuetan gelditzen diren gaztak sarituko dituzte, 300, 200 eta 100 euroko sariekin. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, brontzezko, zilarrezko edo urrezko domina jasotzeko aukera izango dute. Zortzi puntu eta erditik gora lortuz gero, berriz, Urrezko Gazta titulua jasoko luke irabazleak.