CAFek 200 milioi euroko kontratua egin du West Midlans Trains konpainiarekin
Beasaingo CAF tren konpainiak kontratu berri bat lortu du Britainia Handiko West Midlans Trains enpresarekin. 200 milioi euro inguruko hitzarmena da eta 26 diesel unitateren hornikuntza jasotzen du; bina kotxeko 12 tren eta launa kotxeko beste 14 tren izango dira. WMTk egungo ibilgailuen flota ordezkatu eta Birmingham eskualdeko hiriak eta herriak lotzen dituzten lineetan izandako erabiltzaile kopuruaren igoerari aurre egin nahi dio eskari horrekin.
Richard Garner, Erresuma Batuko eta Irlandako CAFen negozio arduradunak “albiste bikaina” dela azaldu du. “Proiektuak sendotu egin du Erresuma Batuko merkatuan trenen fabrikatzaile nagusien artean CAFek betetzen duen tokia, eta lorpen bikaina da CAFen mendeurreneko urtean”.
Azken urteetan kontratu ugari lortu ditu CAFek Erresuma Batuan, eta merkatu horretan indartzen ari da. Gainera, Newport hirian (Gales) lantegi berria eraikitzen ari da. 46.000 metro koadro izango ditu eta 2018ko udazkenean martxan egotea espero dute.