Nagusilanek antolatu du eta Zenta Zure Onduan elkarteko Ana Agirre adituak eskainiko du
Nagusilanek
Emozioen kudeaketa, osasun emozionala izeneko hitzaldia antolatu du. Bihar izango da Kultur Etxeko areto nagusian 18:30ean eta Zenta Zure Onduan elkarteko Ana Agirre adituak eskainiko du.
Nork bere burua ezagutzeak duen garrantzia izango da hitzaldiaren abiapuntua. Hain zuzen, Antzinako Grezian erabiltzen zuten honako esaldia: «Ezagutu ezazu zure burua». Balio etiko handiko esaldia dela dio Agirrek hitzaldiaren mamiaren aurrerapenean, «giza pertsonek bere burua ezagutzeko, ulertzeko eta onartzeko beharraren garrantzia azaltzen digu. Ezin dugu ahaztu gizarte konplexu batean bizi garen pertsona konplexuak garela».
Emozioen garrantzia
Giza emozioak ezezagunak direla dio, «historiaren hasieratik gure barnean daramatzagun arren, ezezagun handiak dira; dena dela, gure egunerokotasunean daude». Eguneroko harremanetan, familia harremanetan, lagunak, lan harremanak… «Emozioak osagai bat dira, baina garrantzi izugarria dute».
Hitzaldian aldaketa, jarrera eta emozioen garrantziaz hausnarketa egingo dute. Giza pertsonen lau emozio nagusiak hartuko dituzte hizpide; positiboak zein negatiboak. «Emozio horiekin guztiekin zer egin aztertuko dugu. Arnasketak eta erlaxazioa oso lagungarriak dira emozioak kudeatzeko».