Espainiako estatua "ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka" ari dela salatu du GEDk. 'Junts' lemapean, elkarretaratzeak egin dituzte Goierriko herririk gehienetan
Gure Esku Dago mugimenduak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte iluntzean Goierriko herririk gehienetan.
Junts lemapean, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium elkarteetako prestidenteak espetxeratzeko Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia salatu dute. Gure Esku Dagok “herritarren borondateari era baketsu eta demokratikoan bide emateko lan egiteagatik” atxilo hartu dituztela salatu du. Hala, Espainiako estatua “ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka” ari dela diote, eta oraingoan “urrutiegi” iritsi direla. Kataluniako “independentziaren aldeko mobilizazioak delitu” bihurtu nahi dituztela azaldu dute, eta hori “oso larria” dela. Horren aurrean, “demokrazian aukera guztiek bere tokia” izan behar dutela aldarrikatu dute, eta “proiektu politiko guztiek modu baketsuan eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua” izan behar dutela.
Gaurko elkarretaratzeei gauean emango diote jarraipena, 22:00etarako, lapiko-jotzeak deitu baititu Gure Esku Dagok herrietan. Bestalde,
igandean giza-katea egingo dute Ordizia, Lazkao eta Beasain artean, Kataluniari elkartasuna adierazi eta erabakitzeko eskubidearen defentsan.